Bost kilometro inguruko ibilbide «polit eta atsegina»

Aurkezpeneko argazkia.
Aurkezpeneko argazkia.

Irailaren 24an Oñatin egingo den Kilometroak 2017 jairako zirkuituari azken ukituak ematen ari dira antolatzaileak

Bi hilabete pasatxo falta dira irailaren 24an Oñatin Kilometroak 2017, Gipuzkoako ikastolen jaia, ospatzeko. Ezohiko data, festa urriaren lehen igandean egiten dela kontuan izanik… Usadioa ez da aldatu, baina urriaren 1ean herria festatan murgilduta egongo denez, aurtengoan Kilometroak aurreratzeko erabakia hartu zuten.

Lanak ere oso aurreratuta dituzte, asteazken arratsaldean aurkeztu zutelarik zirkuitua. Antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, "bost kilometro inguru dituen zirkuituaren azken ukituak ematen ari dira" egunotan. Zirkuitu "polit, eroso eta atsegina", lau gune nagusi izango dituena. Aurrenekoa Oñatiko plaza izango da. Horixe izango da guztietan handiena eta bi zati nagusitan banatuko da: plaza eta frontoia. Frontoian haurrentzako ekintzak kokatuko dira eta plazan adin guztietarako kontzertu eta ekintzak aurkitu ahal izango dira.

Bigarren gunea San Martinen kokatuko da; hirugarrenak Asentzio ingurua hartuko du eta laugarrena Santa Lutzian izango da. Hauetaz gain, Eroskiko aparkalekuan artisau eta euskal kulturgintzaren txokoa kokatuko da. Hasiera batean Urrutxu inguruan beste gune bat kokatzea aurreikusten bazen ere, segurtasun neurriak direla eta, antolakuntzak gune hau bertan behera utzi eta hor ekintzarik ez egitea erabaki du.

Irisgarritasunaren aldetik, berriz,"guztiok parte hartzeko modukoa" dela aurreratu dute, eta gaineratu dute "Oñatiko ikuspegi ederra eramango" dutela "bisitan datozen euskalzaleak".

Zirkuituak bi sarrera izango ditu, biak ala biak plazako gune nagusira eramango dutenak: bata kiroldegi parean eta bestea Txaketuako bidegurutzean. Hauek izango dira sarrera nagusiak, izan ere irailaren 24an Oñatira gerturatzeko bide bakarra egongo da erabilgarri: Udanako mendatea trafiko orokorrerako itxita mantenduko da eta trafiko guztia Elorregiko (San Prudentzio) biribilgunetik desbideratuko da. Handik sei parking erraldoi atonduko dira eta parking bakoitzetik autobus zerbitzua eskainiko da Oñatiko erdigunera iristeko.

Artzain Txakur lehiaketarekin bat

Esan bezala, Kilometroak 2017-ren berezitasunik handienetako bat data aldaketa izan da. Ohikoa baino astebete lehenago ospatuko da aurtengo Kilometroak, herriko San Migel festekin bat ez egiteko. Gauzak horrela, Oñatin ospatzen den Nazioarteko Artzain Txakur lehiaketarekin bat egingo du Kilometroak 2017. Goizean zehar ibilbideko bigarren gunera gerturatzen direnek txapelketa zuzenean ikusteko aukera izango dute.

Olaiturri elkartekoek ere Kilometroak egunerako emanaldi bereziak prestatu dituzte. Oñatiko historia ezagutzeko 20 minutuko hiru emanaldi desberdin eskainiko dituzte herriko hiru txoko berezietan: Lazarraga parkean, Unibertsitateko klaustroan eta Zumeltzegi dorretxearen aurrean eguerdiko 12:00etan, 13:00etan eta 15:30ean.

Urte osoan zehar gertatu den bezala, Kilometroak egunaren aurretik ere izango da 'lekaixoka' aritzeko aukera. Uztaila eta abuztuan zehar KLIKMETROAK ekimena martxan izango da. Klik eginez zirkuitu birtualeko metroak egitea da ekimen honen helburua, guztion artean zirkuituaren bira osatuz. Bertan parte hartzea erraza da: klikmetroak.kilometroak.eus webgunean sartu eta mezu bat uztea nahikoa da. Egiten den metro bakoitzeko, metro hori babesten duten enpresa eta elkarteek ekarpen ekonomikoa egingo dute Kilometroak 2017ren alde.

Irailean, egun handia baino lehen herria girotzen hasteko ekintza desberdinak izango dira. Hala nola, lehenengo astebururako mosaiko erraldoi bat egiteko deialdia luzatuko da, bigarren asteburuan Errealeko nesken partidua ospatuko da Azkoagain futbol zelaian eta herritar guztientzat zabalik izango den drogen kontsumoaren prebentziorako hitzaldia ere izango da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos