Bost egun eta 176 ikerlan saguzarren inguruan

Saguzar kolonia Aizpitarteko kobazuloan. / DV

Abuztuaren 1etik 5era mundu osoko adituak elkartuko dira Donostian, hiru urtez behin egin ohi den kongresuan

Txiki-txikiak izan daitezke, edo metro eta erdiko zabalera hartu hegoak zabalduta. Saguzarrak, hegan egiteko gaitasuna duten ugaztun bakarrak, bost kontinenteetan daude zabalduta, eta funtsezko betekizunak dituzte oreka ekologikoari eusteko orduan. Egokitzapen gaitasun harrigarria duten izaki bitxi horiek betidanik erakarri dute gizakiaren arreta, eta legenda beltza ere badute, nahiz eta miresgarriak izan ikuspegi askotatik.

Eta ikuspegi askotatik aztertuko dituzte, maila gorenean aztertu ere, datorren astean, abuztuaren 1etik 5era, Donostian egingo den European Bat Research Symposium delakoaren XIV. edizioan. Saguzarrak aztergai dituen EBRS biltzarra Euskal Herriko Unibertsitateko Zoologia eta Animali Biologia saileko Jokamoldearen Ekologia eta Eboluzio Ikertaldeak antolatu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Kopenhageko Unibertsitatea eta Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean.

1981garren urtean Alemaniako Bonnen lehen aldiz ospatu zenetik hiru urtez behin egiten da Biltzarra. Aurten, 250 pertsonatik gora bilduko dira UPV/EHUko Ignacio Maria Barriola Zentroko areto nagusian. Biltzarraren xedea da nazioarteko adituak bildu eta ezagutza berriena plazaratzea. Batik bat Europako adituei begirakoa bada ere, munduaren buelta osotik etorriko dira ikerlariak: Txina, India, Kolonbia, Estatu Batuak, Hego Afrika… Kongresuan zehar 176 ikerlan aurkeztuko dira 5 egunetako egitarau trinkoan.

Irekiera-ekitaldia abuztuaren 1an, asteartea, 8:15etan, UPV/EHUko Ignacio Maria Barriola Zentroko areto nagusian, izango da. Emma Teelingek (University College Dublin) eskainiko du irekiera-hitzaldia .

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos