'Bloke antiespezista', galdeketatik harago

Zezenketen aurkako manifestazioan buru propioa izan zuten antiespezistak.
Zezenketen aurkako manifestazioan buru propioa izan zuten antiespezistak. / ASKEKINTZA

'Gizakia ez besteko animalia guztien' askapena aldarrikatzen duten Gipuzkoako zenbait kolektibok osatu duten blokeak parte-hartze berezitua izan zuen Donostiako zezenketen aurkako manifestazioan

Askekintza, Orroak, Goierri antiespezista eta Tolosaldea antiespezista kolektiboek Gipuzka mailako 'bloke antiespezista' osatu dute, eta bloke gisa hartu zuten parte larunbatean, abuztuak 12, Donostian egin zen zezenketen aurkako manifestazioan. Hain zuzen ere, espezismoa bada izaki bat bere espeziearen arabera diskriminatzea, pentsatuz espezie batzuetako kideek besteetakoek baino eskubide gehiago dituztela, antiespezismoa da justu kontrakoa aldarrikatzea; hau da, espezie denak direla berdinak eta, hortaz, gizakiak ezin dituela bere behar edo gurariak jarri beste espezieen beharren edo gurarien gainetik.

2012an sortutako Donostia Antitaurina Orain plafatormak deitutako manifestazioan bloke berezitu gisa parte hartzeko asmoa zutela iragartzeko hedatutako komunikatuan hiru arrazoi eman zituzten horretarako. Lehenik eta behin, "estrategikoki eta moralki postura okerra" iruditzen zaie plataforma 'txatu txarren' aurka posizionatzea. Blokearen ustez, "tratu txar kontzeptua, animaliek jasotzen duten erabileraren gaineko balorazio bat da, eta hau ona ala txarra izan daitekeela esan nahi du. Horregatik, ideia honek animalien erabilera legitimatu eta objektu mailara jaistea dakar. Gainontzeko animaliek interes propioak dituzten norbanakoak dira eta errespetua merezi dute, eta horregatik animalien erabileraren aurka gaude zuzenean. Izan jateko, janzteko, ondo pasatzeko, konpainiarako zein esperimentatzeko". Taldeak zeraman pankartan irakur daitekeen moduan, hortaz, animalia guztien askapena da lehentasuna.

Manifestazioren leloa -'herri galdeketa orain'- leloa ere kritikatu dute. "Ez dugu uste gizakiok zezenketak ospatu ala ez erabakitzeko eskubiderik dugunik. Zezenketak onartezinak dira, bizitzen jarraitzeko interesa duen norbanako sentikor bat erailtzea dakarrelako. Debekatu behar dira eta kito, ez galdeketarik antolatu", diote.

Azkenik, "plataformaren legitimatea oso zalantzan" gelditu dela diote, Sociedad Protectora de Animales y Plantas de Gipuzkoa delako elkarteak babestu eta diruz laguntzen duelako. Izan ere, antiespezisten diotenez, "Elkarte honen aurka prozedura penal bat martxan dago, animaliekiko tratu txarrengatik. Ertzaintzak 700 orrialdeko txosten batean jasotzen du bertako albaitariek animaliekin egindako sarraskiak. Animalien aldeko talde batek ezin du honelako elkarte baten diru laguntzarik jaso".

Manifestazioa amaitu ondoren zabaldutako komunikatuan, pozik azaldu dira oso arrakastatsutzat jo duten deialdiaren emaitzarekin. "200 perstsonak baino gehiagok espezismoa salatu dute, veganismoa aldarrikatu dute eta modu ozen eta argian eskatu dute animalien askapena", adierazi dute, aurreratuz Donostiako Aste Nagusiaren lehen egunean egin ohi den manifestazioari "benetako esanahia emateko" espezismoa salatzeko eguna bihurtuko dutela, "zezenketak indarkeria espezistaren beste ondorio bat" direlako.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos