"Bizitza zentroan jarriko duen berrikuntza behar dugu"

Mahai handitan bilduta egin dute lan elkarrekin parte-hartzaileek. /MIKEL FRAILE
Mahai handitan bilduta egin dute lan elkarrekin parte-hartzaileek. / MIKEL FRAILE

Berrikuntza sozialaren arloan lanean diharduten 34 proiektu ezagutzeko aukera izan dute Emun Kooperatibak antolatutako jardunaldian parte hartu dutenek

MIREN IMAZ

Emun kooperatibak antolatuta, 'Berrikuntza Sozialaren Bideak' izeneko jardunaldia egin da Donostiako Tabakaleran. 140 pertsonak hartu dute parte formatuaren aldetik ere berritzailea izan den egun osoko saioan. Bertan, besteak beste, Euskal Herrian berrikuntza sozialaren arloan lanean diharduten 34 proiektu ezagutzeko aukera izan dute.

Lehenik eta behin, antolatzaileak azaldu ditu topaketaren nondik norako eta xede nagusiak. Emunen izenean mintzatu den Olatz Olaso zuzendari nagusiak gogoratu du nola eta nondik heldu den kooperatiba berrikuntza sozialaren esparrura eta horren inguruko jardunaldi bat antolatzera. "Hasieratik, enpresetako euskara planak garatzen hasi ginen, modu partehartzaile eta berritzaileak erabili genituen horretarako", gogoratu du. Izan ere, "enpresa batean lan hizkuntza aldatu eta euskara lan hizkuntza bilakatzen denean bi helburu lortzen dira: hizkuntzen berdintasunean aurreratzea, eta kudeaketa berritzaileago bat praktikan jartzea". Hortik abiatuta, berrikuntza sozialaren eremuan murgilduta dabil Emun eta, Olasok adierazi duen bezala, berrikuntza soziala lan munduan lantzeko proiektua garatzen ari dira ALC, Innobasque eta Bagararekin elkarlanean. "Oraingoz, erakundeentzako autodiagnostikorako tresna garatu dugu; gero etorriko dira hobekuntza estrategiak", esan du.

Aurkezpenaren ondotik, Yayo Herrero antropologo eta gizarte aktibistaren esku utzi dute hitzaldi nagusia. Azken urteotan Fuhem Fundazioko zuzendari den Herrerok marko orokor modukoa eman dio berrikuntza sozialari. Egungo egoeraren deskripapen oso kritiko eta kezkagarria egin du. Errealista, baina, ez baitago ukatzerik krisialdi ekologiko betean gaudenik, eta gutxiago aipatzen bada ere jendartearen etorkizuna izugarri baldintzatu dezakeen zaintzaren inguruko krisialdia ere nabarmena delako. Segun eta nork darabilen adiera desberdinak dituen 'berrikuntza' kontzeptua gizarteak dituen erronkei erantzuna emateko gai den baliabide edo lanabesa dela finkatu ostean, nabarmendu du "politika, ekonomia eta kultura hegemonikoak bizitzarekin borrokan" daudela, ez baitituzte aintzat hartzen gizakiaren funtsezko bi ezaugarri: naturarekiko menpekotasuna eta elkarrekikoa.

"Kolektiboki pentsatu beharra daukagu, bizitza zentroan jarriko duen berrikuntza bat behar dugu" yayo herrer0

Akaso ezkutatu bai bai ekidin ezin daitezkeen bi egia horiei jaramon egin gabe iritsi gara Mendebalde 'aurreratuan' eta, oro har, euren buruak aurreratutzat dituzten herrialdeetan, egun bizi dugun kinka larrira. Sustraiak "europartasunaren" jatorritzat jo ohi den Grezia klasikoan dituen joera horren emaitzak zein diren ikusita, "kolektiboki pentsatu beharra daukagu, bizitza zentroan jarriko duen berrikutza bat behar dugu", adierazi du. Hain zuzen ere, etengabe aipatzen dira berrikuntza teknologikoa, zientifikoa edo ekonomikoa, baina gauden tokira ekarri gaituen paradigman oinarrituta jarraitzen badute, ez dituzte sakoneko arazoak konponduko. Yayo Herrerok esan du berrikuntza teknologikoa eta ekonomikoa ezinbestekoak direla lokaztitik irteteko, baina ez direla inondik ere nahikoa berrikuntza sozialarekin batera ez badoaz. Ekofeminismoaren arloan lan handia egindako Herreroren hitzaldian aparteko tartea izan dute ekologiaren inguruko kezkek –"bizitza ezinezkoa da naturari bizkarra emanda bada"-, eta emakumeari buruzkoek: "Emakumeak ez dira bizitzaren sostenguaz arduratu behar diren bakarrak. Inor ezin bada zaindua izan gabe bizi, inork ez luke zaintza-ekarpenik egin gabe bizi behar".

Hamar minutu, hamar proiektu

Jardunaldiaren beste atal garrantzitsu bat hamar esperientzia zehatzen aurkezpena izan da. Hamarna minututan, zehatz-mehatz azaldu dute arlo eta mota desberdineko hamar eragilek zertan datzaten euren proiektuak. Fagorren izenean, Aritz Otxandianok azaldu du Fagor Taldean azken 20 urtean euskararen normalizazio proiektuan egindako lana, eta orain artean lortutako emaitzak.

Baigorrin kokatutako Etxauzia jauregiaren bueltan sortu duten proiektua aurkeztu du Kattalin Saint Mariek; herri txikien hustutzea, kultura, diasporaren zaintza eta hego-ipar zubiak eraikitzeko aukerak lantzen dituen egitasmo berritzailea, alegia. Arlo guztiz desberdinera eraman ditu entzuleak Arremanitz-eko Axier Baglietok. Indarkeria matxistaren prebentziorako sortu baziren ere, gaur gaurkoz tratu onen ikuspegia lantzen dihardute hezkuntzan, sexualitatea eta hezkidetza uztartuta. Hezkuntzaren arlokoa da, halaber, Hazitik-Bizilore. Irune Agirregabiriak aurkeztu du Bizilore eskola aktiboa martxan jartzeko Azkoitiko guraso talde batek sortu zuen Hazitik kooperatiba. Gainerakoen moduan, zer den eta nola lan egiten duten azaldu du.

Entzundakoa marrazten joan da Udale Juaristi artista.
Entzundakoa marrazten joan da Udale Juaristi artista. / MIKEL FRAILE

Nemesio Rasillo, berriz, Brisa del Cantábrico-ren izenean mintzatu da. Zahartze duina eta autonomoa helburu, bestelako bizi eredu bat garatu nahi du nagusi talde honek. Horretarako, Kantabrian lurra erosi eta euren zahartzaroa bertan igarotzeko etxea eraikitzen ari dira. Adinekoengandik gazteegana, Txantrean gazteen emantzipaziorako eta laneratzeko tresna den Gakoa kooperatiba aurkeztu du Alis Alonsok. Txikitik handira, Ulmako Raul Garciak landu ditu kooperatibek urtero gizarte eraldaketarako banaktzen duten IPDK fondoaren banaketarako irizpideak. Debagoiena eskualdean kokatutako Bagararen izenean Elena Herrarte mintzatu da. Autoeraketa komunitarioa oinarri hartuta gizarte eraldaketan dihardu Bagarak eta nagusiki landu dituzten priektuak aurkeztu ditu. Oihan Mendo Gareseko alkateak Erminetako zentralaren esperientzia partekatu du entzuleekin. Hain zuzen ere, Gareseko Udalak, energia kontsumoak arduratuta, aspaldian utzita zegoen zentral elektrikoa augotestiorako nola berreskuratu duen eta martxan nola jarri duten azaldu du Mendok.

Azken hamar minutuak Emuneko Amaia Etxanizentzat izan dira. Emun Kooperatiban kontziliazioaren gaia nola landu duten azaldu du, 'kontziliazio erantzukidea" landu baitute kooperatiban, garatutako hausnarketa eta neurri zehatzen bidez.

"Mundu mailan Euskal Herria erreferentzia da Berrikuntza Sozialean, eta gu ez gara ohartzen" gorka espiau

Proiektuen aurkezpenak bukatuta, gustukoena aukeratzeko eskatu zaie parte-hartzaileei eta Ermineta proiektua izan da bozkatuena. Garesera bueltan eraman duten oroigarriarekin batera, bi modutan jaso ahal izango duten lankidetza-ekarpena izan dute sari: dirutan, edo Emunen dedikazioan. Azken batean, baina, jardunaldiko partehartzaile guztiek egindako ekarpena izan da; jardunaldian izena ematerakoan jasotako dirua baita (40 euro ordaindu ditu parte-hartzaile bakoitzak), ekarpenaren kopurua.

Jardunaldiari amaiera eman dion mahai-inguru modukoak ere utzi ditu ale ederrak egunak eman duena laburbiltzeko. Hala, "berrikuntza soziala Euskal Herriko berezko nortasunarekin lotu behar dugu" esan du Agirre Lehendakari Center-eko Gorka Espiauk, "mundu mailan Euskal Herria erreferentzia da Berrikuntza Sozialean eta gu ez gara ohartzen" gehituz. Egunean zehar, hain zuzen, maiz nabarmendu da kooperatiben eta berrikuntza sozialaren arteko lotura sendoa..

Hizkuntzen garrantzia eta euskara indarberritzeko egiten ari diren ahaleginak ere izan dira aipatuak. Ekoguneko Hizkuntza-ekologia eta hezkuntza gaien arduraduna den Itsaso Olaizolak, esaterako, honakoa ekarri du gogora: "Gaur egun, munduan 15 egunero hizkuntza bat desagertzen den egunotan, gure hizkuntzari eustea munduari ekarpen bat egitea da".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos