Bigarren Hezkuntzako 310 ikasle puntako ikertzaileekin bilduko dira

Albert Fert eta Pedro Miguel Etxenike, 2014ko topaketan./USOZ
Albert Fert eta Pedro Miguel Etxenike, 2014ko topaketan. / USOZ

Aurreko edizioetan bezala, Donostia International Physics Center-ek ahalbidetuko du astelehenean egingo den topaketa

Donostia International Physics Center zentroak antolaturiko top@DIPC Zientziarekin solasean! topaketa izango da datorren astelehenean, urriaren 30ean, Donostiako Eureka! zientzia museoan. Pedro Miguel Etxenike DIPCeko zuzendaria moderatzaile lanetan dutela, Bigarren Hezkuntzako 310 ikasle eta irakasle Albert Fert, Pilar Hernandez eta Angela Nieto zientzialariekin elkartuko dira. Saioa 10:00etan hasiko da.

Ikertzaileek zientziarekiko eta ikerketarekiko grinari buruz hitz egingo dute eta galderak erantzungo dizkiete ikasleei. Helburu nagusia da euskal ikasleen artean ikasketa zientifiko eta teknologikoekiko bokazioa bultzatzea eta zientziaren edertasuna eta garrantzia helaraztea, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Albert Fert ikertzaileak Fisikako Nobel Saria jaso zuen 2007an, magnetoerresistentzia erraldoiak burdin eta kromozko multigeruzetan duen eragina aurkitzeagatik; Pilar Hernandez CERN Theory Neutrino Platform erakundeko jardueren koordinatzaile eta hainbat Europako proiektutako ikerketen ikuskatzailea da; Angela Nietok, azkenik, Fundación Carmen y Severo Ochoa Saria lortu zuen 2004an, Oinarrizko Ikerkuntzaren Jaime I. Erregea saria 2009an eta Valentziako Generalitatearen Meritu Zientifikoaren saria 2015ean.

top@DIPC Zientziarekin solasean! DIPC zentroak antolatu du, Euskampus Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Nazioarteko Bikaintasun Campusaren esparruaren baitan eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesarekin. Kutxa Gizarte Ekintzaren Eureka! zientzia museoak ere laguntzen du ekimena, eta Telefonicaren laguntza eta parte hartze berezia jasotzen du.

top@DIPC Zientziarekin solasean! topaketaren bederatzigarren edizioaren informazio guztia www.topadipc.eu webgunean kontsulta daiteke, eta webgune horretan bertan topaketa streaming bidez jarraitzeko aukera izango da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos