Betiko erara egindako ogiaren aldeko kanpaina

37 okindegi bildu dira 'Primerako ogia' kanpainara./
37 okindegi bildu dira 'Primerako ogia' kanpainara.

Gipuzkoako okindegien elkarteak 'Primerako ogia' kanpaina jarri du berriro abian, okindegi txikien ezaugarri nagusitzat jotzen duten "produktuaren kalitatea" nabarmentzeko

Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren (FMG) barne dagoen Agipan Gipuzkoako okindegien elkarteak okindegi tradizionalak nabarmentzeko eta merkataritza-establezimendu txikietan kontsumoa sustatzeko kanpaina abiarazi du berriro, "fabrikatzaile handien ogi-ekoizpen masiboan gero eta lehiakortasun handiagoa" topatzen dutelako. Guztira, 37 establezimenduk egin dute bat 'Primerako ogia' lelopean antolatu duten egitasmoarekin. Agipanek zabaldu duen oharraren arabera, kanpainaren xedea da "okindegi txiki hauek duten ezaugarri nagusietako bat azpimarratzea: produktuaren kalitatea".

Agipan elkarteko presidente Mikel Garmendia pozik agertu, establezimendu ugari bildu direlako kanpainara. Okindegi tradizionalek ezaugarri duten "lehengaien kalitatea eta ogiaren elaborazio prozesu zaindua" ezagutzera ematea da egitasmoaren helburu nagusietarikoa, bezeroak sentsibilizatzeko asmoz. Garmendiaren iritziz, ekimen hauek beharrezkoak dira “kalitatezko ogiaren kontsumoa eta bertan egindako ekoizpena bultzatzen dutelako, eta Gipuzkoako enplegua mantentzen laguntzen dutelako”.

Agipan 140 okindegik osatzen dute, eta, guztira, 1.800 pertsonek lan egiten dute horietan. Kanpaina honen bidez, establezimendu talde honek gizartearekiko gertutasuna bultzatu nahi du, eta, aldi berean, bezeroen konfiantza eskertu. Gainera, elkartearen ezagutza zabaldu eta okindegi hauek eskaintzen dituzten produktuen eta zerbitzuen inguruko informazioa eman nahi dute.

Laugarren fasea

Kanpainaren laugarren fase honetan, bestalde, sariak indartu nahi izan dituzte. Astelehen honetatik, azaroak 6, hilaren 26ra arte, okindegi hauetako bezeroek zozketa ugaritan parte hartu ahal izango dute: 12 egonaldi Euskadiko landetxetan (bi gau bi pertsonarentzat, gosaria barne), Nekaturren lankidetzari esker. Horrez gain, establezimendu bakoitzak txigorgailua eta lau ogi-sorta zozketatuko ditu. Guztira, 148 ogi-sorta banatuko dira kanpainan, eta irabazleek bi ogi jaso ahal izango dituzte egunero, astebetez, ohiko dendan.

Saltoki parte-hartzaileek kartelak izango dituzte atean, eta zozketetan parte hartzeko kutxak barruan. Bezeroek fidelizazio-txartelak jasoko dituzte, erosketa egiten duten bakoitzean markatzeko. Lau erosketa egiten duten bakoitzean, txartela kutxan sartu eta zozketan parte hartu ahal izango dute.

Ekimen honetan Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain, Beraun (Errenteria), Deba, Donostia, Getaria, Hernani, Hondarribia, Ibarra, Irun, Legazpi, Tolosa, Soraluze, Urretxu, Billabona eta Zumarraga udalerrietako okindegiek parte hartuko dute. Proiektuaren babesle dira Donostiako Udala, Donostia Sustapena eta Eusko Jaurlaritza.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos