Berrikuntzan eta kalitatean jarriko du arreta Ereintza artisautza azokak

Iazko edizioko argazki bat./ARIZMENDI
Iazko edizioko argazki bat. / ARIZMENDI

39. edizioan, data eta asmo berriekin dator Errenterian ostiraletik igandera bitartean egingo den eskulangintza azoka

Berrizale dator 39. edizioan urriaren 20tik 22ra, ostiraletik igandera, Errenterian egingo den Euskal Herriko Ereintza Eskulangintza Azoka. Data aldatu du, batetik, udaberri partean egiten zen azokak eta, bestetik, berrikuntzak jarriko du arreta, baita kalitatean ere. Hiru egunez, Ereintza feriak 33 tailer baino gehiago elkartuko ditu, "estetika berri batekin atondutako standetan, artisauen lanaren balioaren eta jasangarritasunaren erakusleiho bilakatu asmoz".

Azoka Merkatuzar Kultur Guneko José Luis Caso Aretoan egingo da. Artiola Artisautzaren Guneak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Errenteriako Udalaren eta Kutxa Fundazioaren babespean antolatzen duen azokaren edizio berri honetan 33 tailerrek erakutsiko dituzte beren produktuak, gehienak gipuzkoarrak, baina baita Bizkaia, Araba, Nafarroa, Iparralde eta Espainiako Estatuko beste gune batzuetakoak ere.

Apustu berezia

Errenteriako azokak garrantzi handia du Euskal Herriko artisautza-azoken artean, bai bere antzinatasunagatik, baita bere antolamenduagatik edo parte hartzen duten tailerren mailagatik. Bertan parte-hartze soilak berrikuntzaren eta sonaren berme bat suposatzen baitu tailerrentzat. Aurtengo edizioan, gainera, berrikuntza eta kalitatearen aldeko apustu berezia egin nahi izan dute antolatzaileek.

Azokaren berri emateko zabaldu duten oharrean diotenez, "ez dugu ahaztu behar artisautza bizimodu bat ere badela. Artisauek sormenean oinarritutako bizimodua daramate; euren eskuak eta ezagutza teknikoak erabiltzen dituzte hainbat eta hainbat produktu egiteko. Laburbilduz, Azokaren xedea da 39 urteko ibilbide luzean lortutako sonari eustea, parte hartzen duten tailerren aukeraketa arretatsu bat dela medio".

"Aldaketek beti dakarte ordura arte lortutako erosotasuna galtzea", diote. Baina aldaketak, hain zuzen ere, etengabeak izan dira Azokaren 39 urteko bilakaeran, eta haren indargune izango dira, gainera. "Eta aurtengo edizioak izango dituen berritasunek inflexio-puntua ere suposatuko dute azokarentzat ez ezik, baita Euskal Herriko eskulangintzarentzat ere".

Aldaketak halaber, "ildo estrategiko berri bat ezartzea suposatzen du, xedetzat izango duena Artiolak Euskal Herriko artisautzaren hazkuntza, garapena eta hedapena ikusarazteko erabiltzen dituen irizpide, balio eta jardute-ildoen agertoki bat sortzea eta berreraikitzea, kalitate eta bikaintasunerako baldintza eta irizpideekin. Hitz batean esateko, artisautzaren balorazio soziala eta sona bultzatzea da lortu nahi da, bere kalitatea eta bikaitasun bidez. Hori lortzeko, kontzeptua aldatzea oinarri-oinarrizkoa da, artisau produktuak gaurkotasunarekin, berrikuntzarekin, diseinuarekin lotuz eta kalitate-prezio handiko luxuzko artikuluak bezala aurkeztuz".

Beste aldetik, artisautzak jasangarritasunarekin eta inguruarekin duen engaiamendua oso garbia da, bai bere produzio-prozesuetan hala erabiltzen diren materialetan: hau da, osagai bereizgarri bat gehiago bere balioa handitzeko. Horregatik guztiagatik, aurtengo azokak standen eta gunearen irudi estetiko berri bat izango du. Izan ere, produktuen kalitateari zein publikoari erakargarri egingo zaizkion proposamenei lehentasuna eman zaie.

Era berean aurten, artisautzaren munduaren inguruan giro berezi bat sortzeko saiakera egin da, azokarekin batera artisautzarekin zerikusi duten beste bi erakusketen bidez. Bi erakusketa horien helburua Errenteria artisautzaren hiriburua bezala aurkeztea da.

Azokaren ordutegia hauxe izango da: 11:00etatik 14:00etara, goizez, eta 16:30etik 20:30era, arratsaldez. Sarreraren prezioa helduentzat euro 1-ekoa izango da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos