Jaietan beldurrik gabeko esparruak sortzeko gonbidapena

Pasai Antxoko sanferminetan, bista-bistan zegoen pankarta adierazgarri hau./M.I.
Pasai Antxoko sanferminetan, bista-bistan zegoen pankarta adierazgarri hau. / M.I.

Emakundek eta hiru aldundiek 171.500 eurorekin finantzatuko duten Beldur Barik programak luzatu die gomendioa udalei

2009 urtean Berdinsarea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarearen baitan sortu zenez geroztik, Beldur Barik programak hedapen zabala izan du. Beldur Barik jarrera sustatzea da ekimenaren xede nagusia; hau da, "kultura matxista eta indarkeria sexistaren adierazpenak eraldaketarako konpromiso pertsonal zein kolektiboa adierazten dituzten jarrerak" bultzatzea.

Gaur egun, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak antolatzen du, Berdinsarea-Eudelen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien bultzadarekin batera. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV-EHU) eta EITB-ren laguntza dauka.

Ekimen desberdinak ezagutzera emateko eta gazteen artean gaiaren inguruko gogoeta sustatzeko baliabide nagusitzak webgunea eta sare sozialak ditu proiektuak. Merezi du webgunean sartu-irtena egitea, edo ekimena sare sozialetan jarraitzea, zein esparru zabaletan diharduen ikusteko... Proiektuak ez ditu aurrekontu handiak eskatzen dituzten ekimenak proposatzen, baina hala ere behar du erakundeen sostengu ekonomikoa, eta horren oinarrian dago Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien arteko lankidetza.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, hain zuzen, gazteen artean emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko Beldur Barik erakunde arteko programaren garapenerako eta finantziaziorako Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundien arteko hiru hitzarmen baimentzea onartu du. Guztira, Emakundek eta hiru aldundiek 171.500 eurorekin finantzatuko dute programa, Jaurlaritzako arduradunek iragarri dutenez.

Hitzarmen horren bidez, Bizkaiko Aldundiak 35.000 euro jarriko ditu, Gipuzkoakoak 24.500 euro eta Arabakoak 12.000 euro. Halaber, Emakundek 100.000 eurorekin finantzatzen du programa.

Beldur Barik lehiaketa da programaren ekintza nagusietako bat. 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute nola neska eta mutilek ezberdintasun egoerei aurre egiten dieten Beldur Barik jarrerarekin, alegia, "errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin"

Horrekin batera, programaren baitan, udalerriei sentsibilizazio materialak bidaltzen zaizkie eta jaien inguruan Beldur Barik Gunea esparruen sorkuntza proposamena luzatzen zaie. Ekimen hau jai eta aisialdi esparruetan izaten da, gazteria indarkeria matxistaren kontrako konpromisoa hartzeko beharrean. Beldur Barik Gunearen helburua arazo hau saihesteko nesken ahalduntze jarrera bat garatzea eta mutilen erantzukizun eta interpelazioa bultzatzea da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos