Beldur Barik programa abian da, gazteentzako ikus-entzunezkoen lehiaketarekin

Beldur Barik jardunaldiak, artxiboko irudian/LOBO ALTUNA
Beldur Barik jardunaldiak, artxiboko irudian / LOBO ALTUNA

Eibar izango da aurten 'Beldur Barik Herria'. Ikus-entzunezko lehiaketaren sariak banatuko dira bertan, abenduaren bian

DVDonostia

Beldur Barik programaren edizio berria hasi da astelehen honetan, gazteei zuzenduriko ikus-entzunezko lehiaketarekin. Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak urtero antolatzen du programa gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko asmoz, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundien zein Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen babesarekin.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta EiTBk programa babesten eta laguntzen dute, Emakundek prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Aurten, Eibar izango da 'Beldur Barik Herria', bertan ospatuko baita urteroko topaketa, abenduaren 2an. Ikus-entzunezko lehiaketaren sariak banatuko dira bertan, eta tailerrak eta beste hainbat ekimen ere antolatuko dira. Udazkenean ekimen ugari antolatuko dira Gipuzkoako udalerriko eragileekin batera, urtean zehar gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko egindako esku hartzeak osatuz.

Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketa programaren ekintza nagusienetako bat da. Aurtengo edizioko kartelaren eta iragarkiaren protagonistak iazko edizioan parte hartu zuten gazteak dira. Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lanek erakutsi behar dute nola neska eta mutilek ezberdintasun egoerei aurre egiten dieten 'Beldur Barik jarrerarekin', alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.

Lana aurkezteko epeak

Lanak aurkezteko epea astelehen honetan hasi eta azaroaren 13an bukatuko da. Parte hartzeko bi kategoria daude: 12-17 urte bitartekoak eta 18-26 bitartekoak. Lehiaketan bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat) parte har daiteke. Iazko edizioan 363 lan eta 2.348 gazte aurkeztu ziren.

Bestalde, Beldur Barik programak webgunea eta sare sozialetan profilak ditu (Facebook, Twitter, Instagram eta Spotify), "Beldur Barik jarrera gazteekin batera garatzeko". Aurten, gainera, Telegram kanala ireki dute. Sortutako eduki eta elkarrekintzekin hausnarketa eta eztabaida prozesuak irekitzea da asmoa. Helburua da "jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferentea sortzea, non kultura matxistarekin hausten duten pertsona eta ekimenak ezagutzera ematen diren".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos