Basque Culinary Center-en Patronatuan sartuko da Telefonica

Zientzia Gastronomikoen Fakultatea hartzen duen eraikina. / DV

Telekomunikazioen alorreko konpainiak eraldaketa digitalean lagunduko dio BCCri, eta euskarri teknologikoa emango dio

Telefonica konpainiak eta Basque Culinary Center (BCC) Zientzia Gastronomikoen Fakultateak sinatu duten hitzarmenaren arabera, telekomunikazio konpainia Basque Culinary Center Fundazioaren Patronatuan sartuko da, bazkide teknologiko modura. Telefonicak BCCri lagunduko dio eraldaketa digitalean, eta euskarri teknologikoa emango dio, ikerketa eta prestakuntza gastronomikoan erakunde lider gisa indartzeko. Gainera, Ferran Adriak bi erakundeak aholkatuko ditu helburu zehatzak eta nabarmenak lortzeko. Bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena Joxe Mari Aizega BCCko zuzendari nagusiak eta Luis Miguel Gilperez Telefonicako presidenteak sinatu dute.

Hitzarmenaren ondorioz, esparru gastronomikoak eta teknologikoak bat egingo dute, "bi erakunde liderren bitartez", bi esparruetan sinergiak eta lankidetza identifikatzeko eta indartzeko asmoz. BCCk, sektore gastronomiko guztia bezala, "iraultza digital geldiezin batean murgilduta dago", eta, aurrerantzean, Telefonicaren laguntza teknologikoa izango du, gastronomian eta elikaduran ikerketa eta berrikuntza zentro gisa indartzeko.

Bi erakundeek elkarrekin egingo duten lehen jarduera jatetxeei eta teknologiari buruzko biltzar bat izango da: garatzen ari diren aurrerapen teknologikoetan sakonduko da eta, aldi berean, etorkizuneko teknologia berriak aztertuko dira arretaz. Sinposioa aurtengo azken hiruhilekoan izango da, Donostian, eta bertan chefek, sektoreko adituek, ekintzaile teknologikoek eta jatetxe taldeetako enpresaburuek parte hartuko dute. Biltzarrak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere izango du.

Bestalde, aukera berriak sortzea izango da bi erakundeek partekatuko duten beste helburu bat. Telefonicak ibilbide luzea du start-up enpresei laguntzen, hainbat programaren eta Espainian banatutako abiada hartzeko espazioen bidez; horri Basque Culinary Centerren esperientzia gehituko zaio, haren Culinary Action inkubagailuan, gastronomiaren munduan start-up enpresei laguntzen landutakoa.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos