Baserriko emakumeen «ordain eta aitorpenik gabeko» lana

Artxiboko argazkian, emakume bat lanean baratzean. Datu asko biltzen ditu bere baitan irudi honek./LOBO ALTUNA
Artxiboko argazkian, emakume bat lanean baratzean. Datu asko biltzen ditu bere baitan irudi honek. / LOBO ALTUNA

Emakume Baserritarren Elkarteak aste honetan aurkeztu duen azterketa baten arabera, 10etik zazpik egiten dute lan ustiapenean, baina horietatik bakar bat da profesionala

2016. urtean, EHNE sindikatuaren baitako EBELek Emakume Baserritarren Elkarteak zilarrezko ezteiak ospatu zituenean, galdera asko gelditu ziren airean: zenbat emakume ari dira baserrian lanean? zer nolako harremana dute ustiapenarekin? zein da haien lana? Harrezkeroztik, EBEL elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Departamentuaren laguntzarekin, Gipuzkoako emakume baserritarren errealitatea aztertu du, eta aste honetan aurkeztu dituzte emaitzak. Aurreneko ondorioa izan da lehen sektorean "emakumeek egiten duten ordain eta aitorpen gabeko" lan asko dagoela.

Izan ere, etxetik kanpo eta etxe barruan lan egiten duten emakumeen jardun bikoitz ohikoa hirukoitza da baserriko emakume gehienentzat. Egindako azterketak azaleratu duenaren arabera, baserrietan bizi diren hamar emakumetatik zazpik hartzen dute parte, neurri handiago edo txikiagoan, baserriko lanetan. Lauk, gainera, kanpoan egiten dute lan, "eta ondoren baserriko lana egiten dute". Gehienen kasuan, jakina, bi egiteko horiei etxeko lanak, edo horien zati handi bat bederen, gehitu behar zaie. Esate baterako, adin txikiko nahiz nagusien zaintzari lotutako lanak, menpeko pertsonak dituzten familietan %80etan emakumeak arduratzen baitira zaintza lanaz.

Honekin batera doan infografia adierazgarrian ikus daitekeenez, badago beste datu oso deigarri bat, emakumeak baserrian duen rola argitzen laguntzen duena. Hala, hamar emakumetatik sei ustiategiaren titularrak dira, baina titulartasun hori nominala da batik bat, hamarretik bat baino ez baita profesionala.

Dedikazioa, dena den, denentzat da handia. Profesionalek 51,5 lanordu eskaintzen dizkiote baserriko lanari astean, eta kanpoko lana eta baserrikoa uztartzen dituztenen asteko lansaioa 50 ordutik gorakoa da.

Erretiratuta daudenak ere aritzen dira baserrian lanean: 16,4 lanordu ematen dizkiote astean. Eta baserriko emakumeen adina garrantzitsua da sektorearen errealitatea eta etorkizuna irudikatzeko orduan, 50 urtetik gorakoak dira hamar emakumetik sei eta 80 urtetik gorakoak hamarretik bi. Datuen aurkezpenean azaldu zutenez, "belaunaldien arteko erreleboa behar beharrezkoa dela nabarmentzen du datu horrek".

"Administrazioari eskatzen diogu emakume baserritarrok ekonomikoki eta sozialki egiten dugun lana errekonozitu dezan eta neurriak jar ditzan egoera honi buelta emateko", aldarrikatu zuten aurkezpenean. Eta, jakina, martxoaren 8an baserrietako emakumeek ere planto egingo dutela aurreratu zuten.

Hamarretik zenbat?
Hamarretik zenbat? / EBEL

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos