Larrialdi kasuan aseguru-etxera deitzea garesti atera daiteke

Artxiboko argazkian, matxuratutako auto bat bazterbidean./
Artxiboko argazkian, matxuratutako auto bat bazterbidean.

Facua elkarteak 17 aseguratzaileren aurkako salaketa jarri du, bezeroei kostu gehigarriak kobratzeagatik

M. IMAZ

Goiko bizilagunak etxea urez bete badizu, eta horrek egin dizkizun kalteen berri emateko aseguratzaileari deitu behar badiozu, 901 edo 902-rekin hasten den zenbaki batera deitu beharko duzu seguruenik. Deia etxeko finkotik egiten baduzu, ez zaizu oso garesti aterako. Tarifikazio berezia duten zenbaki horiek, normalean, ez dira sartzen ahots tarifa lauetan, baina ez dira bereziki garestiak. Baina aseguru-etxearekin harremanetan jartzeko orduan telefono mugikorra erabili behar baduzu - errepidean matxura edo istripuren bat izan duzulako, esaterako- igarriko duzu hurrengo fakturan, dei horiek garesti samar ateratzen baitira.

Aseguru-etxeekin ez ezik, laguntza, asistentzia eta salmenta ondorengo zerbitzu gehienekin gertatzen da hori, normalean tarifikazio bereziko zenbakiak erabiltzen baitituzte, nahiz eta egon horren aurkako epairik. Oraingo honetan, udan dezente erabiltzen diren aseguru-etxeen telefonoei erreparatu die Facua elkarteak, eta 17 konpainiaren aurkako salaketa jarri du. Leporatu die, zehazki, hainbat tramite eta gestio egiteko bezeroak behartzen dituztela aparteko tarifikazioa duten zenbakiak erabiltzera (901 edo 902 zenbakiak) eta, horrenbestez, kostu gehigarriak kobratzen dizkietela.

Salaketa jaso duten konpainiak honakoak dira, Facuak berak ohar baten bidez zehaztu duenaren arabera: Mapfre, Zurich, AXA, La Caixa, Allianz, Generali, Caser, Catalana Occidente, Mutua Madrileña, Sanitas, Santalucía, BBVA Seguros, Aviva, Asisa, Ocaso, Plus Ultra eta Reale.

Salaketak aurkeztu dira konpainia horiek egoitzak dituzten erkidegoetako kontsumoko arduradunen aurrean; Euskadin, Madrilen eta Balear Uharteetan. Facuak azpimarratu du, gainera, 17 konpainia horietatik 12k (Zurich, Generali, Catalana Occidente, Mutua Madrileña, Sanitas, Santalucía, BBVA Seguros, Asisa, Plus Ultra, Reale, Carrefour eta Avivak) ez dietela doako zenbaki bakar bat ere eskaintzen bezeroei.

Elkarteak gogoratu du kasu askotan prezio bereziak dituzten zenbaki horiek erabiltzen direla kontsumitzaileen intzidentzia eta larrialdiak kudeatzeko, nahiz eta berezoek kontratatuta dituzten polizek betetzen dituzten zerbitzu horiek. Oharrean, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorra dakar gogora Facuak, non finkatzen den kontsumitzaileak, zerbitzua emango dion enpresa edo profesionalarekin harremanetan jartzeko, kostu gehigarririk gabeko "oinarrizko tarifa" bat izango duela.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos