Lau proiekturi «balio publikoa sortzeko ahalmena» aitortu die Jaurlaritzak

Donostiako Emakumeen Etxea, artxiboko argazkian./N. IRAOLA
Donostiako Emakumeen Etxea, artxiboko argazkian. / N. IRAOLA

Donostiako Emakumeen Etxea da aurten hirugarren aldiz eman diren 'Elkarlan' sarien irabazleetako bat

Orain dela hiru urte sortu ziren zituen Eusko Jaurlaritzak Elkarlan sariak, «gizarte-eragileen parte-hartzea sustatzeko, gardentasuna bultzatzeko eta herritarrei entzun eta kontsulta egitea bultzatzeko helburuarekin». Hirugarren edizio honetara 18 proiektu aurkeztu dira, eta azkenean lau izan dira sarituak. Saria jaso duten lau proiektuek 6.000 euro jasoko dituzte, bakoitzak, eta komunikabideetan zabaltzeko laguntza, aitorpen publikorako eta sustapenerako neurri gisa.

Saritutako ekimenetako bat Donostiako Emakumeen Etxea-La Casa de las Mujeres da. Donostiako Udalaren laguntzarekin, 2010ean inauguratu zen, «topaleku, eztabaidarako eta hausnarketarako gune gisa, ingurunea feminismoetatik abiatuta eraldatzeko». Harrera- eta informazio-espazioa da, eta doan eta baldintzarik gabe eskaintzen ditu aholkularitza juridikoko zerbitzuak, laguntza psikologikoa, autolaguntzarako taldeak eta ahalduntzerako taldeak eta hainbat tailer. Pasa den ikasturtean, ekimenaren bidez, ia 2.000 emakumerekin lan egin zen eta arreta eman zitzaien.

'Hiri Lagunkoiak Pertsona Guztientzat: ApS ciudadano en accesibilidad urbana con OpenStreetMap'; 'Saregune: por un uso social y comunitario de la tecnologia' eta 'Bilbao Data Lab. Abriendo Datos. Comunidad sobre el mundo de los datos' dira, Jaurlaritzak zabaldutako oharraren arabera, gainerako sarituak.

'Hiri Lagunkoiak Pertsona Guztientzat' proiektua Zerbikas Fundazioak koordinatzen du. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen eta aniztasun funtzionala duten pertsonen arteko lanean oinarritzen da; elkarrekin mapatzen dute ingurunea eta OpenStreetMap software librean partekatzen dute eta, horrela, herritar orok automatikoki ikusi ahal izateko aukera ematen dute. Kaleko lana egin ondoren, hobekuntza-proposamenak egiten dizkiote administrazioari, hiri-irisgarritasuneko txostenen bidez. Ekimenak helburu hirukoitza du: aniztasun funtzionalaren eta gizarte-inklusioaren inguruan sentsibilizatzea, software libreko aplikazio teknologiko baten bidez hirietan irisgarritasuna mugatzen duten oztopoak diagnostikatzea, eta horiek ezabatzeko jardutea.

'Saregune: por un uso social y comunitario de la tecnologia', berriz, Asociación Sartu Álava elkartearen ekimena da, gizarte-marjinazioaren eta -bazterketaren aurka borrokatzen dena. Saregune alfabetizazio digital inklusiboari bide emateko sortu den espazioa da, alegia, elkarteak gure teknologien inguruko prestakuntza eta herritar guztiei laguntza teknologikoa eskaintzeko topalekua, erabiltzaileen eta egoera ahuletan daudenen gizarteratzeari eta laneratzeari bide ematekoa.

'Bilbao Data Lab. Abriendo Datos. Comunidad sobre el mundo de los datos' proiektu kolektiboak datu irekien kulturara, horien analisira eta ikusaraztera diziplina anitzetik eta zeharka hurbiltzea sustatzen du, praktika eta tresna irekien bidez. Pablo Rey eta Jon Bernat Zubiri datu-analisten ekimenaren bidez, datuen erabilera zibikoa sustatu nahi da, herritar aktiboagoak eta hobeto informatuak izateko, gaian adituak direnek emandako prestakuntza-tailerrei edo eztabaida tematikoei esker.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos