Bi astez, itsasontziz Donostiatik Pasaiara

Paisaia zoragarriak ezagutzeko aukera eskaintzen du bidaiak.

Abuztuaren 7tik 20ra,11:00etan irtengo da egunero Donostiatik 11 lagunentzako lekua duen ontzia

Bi astez, katamaranean itsas-bidaiak egin ahal izango dira Donostiatik Pasaiara, Oarsoaldea Garapen Agentziaren, Gipuzkoako Aldundiko Turismo Sailaren eta Itxaszerbi Itsas Zerbitzuak enpresaren elkarlanari esker.

Itsas bidaia berezi hori abuztuaren 7tik 20ra bitartean egin ahal izango da egunero, 11 lagunentzako tokia duen ontzi batean. Zerbitzua Pasaiako Itxaszerbi enpresak eskainiko du eta irteera goizeko 11:00etan izango da Donostiako kaitik. Kontxako badiatik aterako da Pasaiako norabidea hartuz, Uliako itsaslabarretatik pasa ondoren Pasaiako badiako bokale ikusgarrian sartuko delarik. Bertan 30 minutuko bidea egin ondoren, Albaolako moilan geratuko da.

Hemen nahi duenak Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatu ahal izango du. Bertan, euskal kostaldeko itsas historia ezagutzeaz gain, XVI. mendeko San Joan baleontziaren berreraikuntza zuzenean ikus daiteke.

Horrez gain, Pasaiak baditu beste aukera asko. Besteak beste, Pasai San Pedron, hirigune historikoaz eta portuaz gain, Mater Itsasontzi Museoa bisita daiteke. Bertan arrantzaleen bizitza eta arrantza arte tradizionalak erakutsiko dizkiote bisitariari, eta gainera hegaluzea eta bertako txakolina dastatu daiteke. Ondoren, Pasai Donibanera motoran pasatzean, hango hirigune historikoa eta Victor Hugoren Etxeko museoa bisitatu ahal izango dira.

Donostiarako buelta autobusez egin daiteke, bai Pasai San Pedrotik bai Pasai Donibanetik. Txangozaleenek ere badute oinez itzultzeko aukera, Ulia mendia zeharkatzen duen ibilbidetik zehar. Horrela, itsas ibilbidearen beste ikuspegia izango dute, lehorrekoa.

Irteera hauek egiteko online erreserbak hemen egin behar dira, edo 943 41 51 51 eta 943 41 51 53 telefonoetan. Donostiko Explore San Sebastian Region turismo bulegoan (Boulevard, 6) eta Pasai Donibaneko Victor Hugo etxean dagoen turismo bulegoan ere egin daitezke.

Bidaiaren prezioa 16€-koa da helduentzat, eta doan 0 eta 3 urteko haurrentzat.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos