849 kilometro eta zazpi etapa Euskadi hobeto ezagutzeko

Aurreneko etapari dagokion aurkezpena.
Aurreneko etapari dagokion aurkezpena.

Eusko Jaurlaritzaren 'The Basque Route' ibilbideak hiru lurraldeetako paisaia interesgarrienak bildu ditu

M. IMAZ

Touringa, Errenterian 1923an sortutako historia luze eta sona handiko Kirol Elkartea ez ezik, leku batetik bestera ibiltzean datzan bidaiatzeko modua ere bada. Gaur egungo turismoaren aurrekaritzak jo daitekeen eta Europan barrena egiten zen 'Grand Tour' klasiko hura gogoratuz-edo, gero eta jende gehiago apuntatzen da 'touring'-era. Eta, modan dagoenez, gero eta eragile turistiko gehiago ere bai, erakundeak barne.

Eusko Jaurlaritzak, "touringaren aldeko apustuaren barruan", 'The Basque Route' delakoa sortu du. Ostegun honetan aurkeztuko du Bilbon Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, baina oinarrizko proposamena Eusko Jaurlaritzaren turismo atarian aurki daiteke.

Izenak eta ekimenarekin batera zabaltzen diren mezuek adierazten dute kanpotik etorritakoei zuzendua dela batik bat proposamena, baina bertakook ere atera diezaiokegu etekina, informazio joria eskaintzen baitu agian behar bezain ondo ezagutzen ez ditugun tokiei buruz, nahiz eta askotan oso gertukoak izan.

Sailburuak bihar eskainiko dituen zehaztasunen zain, 'The Basque Route' "Euskadiren aurpegi ezberdinetan barrenako ibilbidea" da oraingoz. Bilbotik Bilbora, 7 etapatan 849 kilometro egiteko aukera eskaintzen du, 109 paisaia ezagutuz. Autoz, noski.

Aurreneko etapa Bilbotik Lekeitiorakoa da, 'Kantauri itsasoaren ondoan' izena jarri diote eta 3 ordutan 111 kilometro egitea proposatzen du. Bigarrena da 'Eguneko menua: itsasoa eta mendia', izen hori jarri baitiote 86,5 kilometroko bidean Lekeitiotik Zarautzera daraman bidaiari. 'Helmuga? Gastronomiaren erreinua' da hirugarren etaparen izena, eta Zarauztik Donostiarainoko distantzia laburra 87 kilometroko ibilbide bilakatzen du, 'Basque Route' honen helburua ez baita biderik azkarrena aurkitzea, ibilbide interesgarriena proposatzea baizik. Laugarren etapa, berez, luze samarra da, Donostiatik Gasteizera eramaten baitu bidaiaria, 'Bidaia Gipuzkoa berdearen bihotzera' izenburupean 170,5 kilometro korrituz. Bosgarren etapa ez da Arabatik irteten. 'Trikuharriak, mahastiak, lautadak eta titanioa' du izena, Gasteiztik Laguardiara doa eta 130,5 kilometro ditu. Laguardiatik Urduñara doan seigarren etapak, berriz, 'Ibaien sorburua' du izena, eta 107 kilometro. Azkeneko etapak, 'Erdi Arotik Bilbora (eta harago)' izena duenak, Urduñatik Bilbora darama bueltan bidaiaria, 132,5 txangoa egin ostean.

Proposamenaren ekarpenik interesgarriena da bidaia-iradokizunaz harago eskaintzen duen informazio jori eta zehatza. Etapa bakoitzeko urrats nagusiak hautatzen ditu, eta horietako bakoitzari buruzko jakingarri ugari eskaintzen ditu, historikoak zein guztiz praktikoak. Txango laburrak ondo planifikatu eta aprobetxatzeko ere oso baliagarria gerta daiteke tresna.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos