Andoaingo Gaztañagari eman diote herritarrek sagardo onenaren saria

Txapelduna, erdian, bigarren eta hirugarren sailkatuak ondoan dituela.

Azpeitian amaitu du bidea 41 sagardotegiren artean jokatu den Euskal Herriko III. Sagardo Txapelketa Herrikoiak

Larunbat gauean Azpeitian amaitu zen Euskal Herriko III. Sagardo Txapelketa Herrikoiak baditu irabazleak. Azken asteetan egin diren afarietan hainbat sagardo desberdin dastatu dituzten herritarrek banatutako puntuen arabera, Andoaingo Gaztañaga sagardotegiarentzat izan da sagardo onenari emandako saria, eta Adunako Aburuza eta Astigarragako Irigoien-Herrero sagardotegiak gelditu dira hurrenez hurren bigarren eta hirugarren.

Guztira, Euskal Herriko 41 sagardotegitako sagardoek hartu dute parte txapelketaren hirugarren edizio honetan. Final handiaren aurretik lau finalaurreko egin dira, Ordizian, Andoainen, Zarautzen eta Oiartzunen. Finalaurreko bakoitzeko lehen biak automatikoki sailkatu dira finalera, eta gainontzeko bederatziak puntuazioz. Azkenean, esan bezala, Gaztañaga, Aburuza eta Irigoien-Herrero sagardotegian izan dira, hurrenkera horretan, hautaketa prozesuan parte hartu duten herritarrek gehien estimatu dituzten sagardoak ekoitzi dituzten sagardotegiak.

Parte-hartzaile denak, elkarrekin argazkirako.

Txapelketa berezia

Lehen hiru sailkatuek Hazi Fundazioaren eskutik jaso zituzten Eusko Label eta kalitatezko zigilua duten produktuen sorta bana, baita Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen oroigarria eta Azpeitiko Udalak ekitaldi honetarako bereziki landu dituen hiru oroigarriak, Mikel San Juan artisauak eta eskultoreak eginak.

Hirugarren aldiz egin den txapelketa berezia da, batez ere herritarren esku dagoelako erabakia. Parte hartu duten 41 sagardotegietako sagardoak antolatu diren afarietara inguratu diren guztien artean dastatu eta puntuatu dira. Txapelketa herrikoi honetan, afaltzera eseri eta ateratzen dituzten sagardo desberdinak dastatu eta nork bere gustu eta iritziaren arabera nahi duen puntuazioa ematen dio, bostetik hamarrera. "Beraz, epaile izatea, afaltzera eseri eta sagardoak dastatzea da, lagunarteko giroan. Aukera ematen du herritar askoren iritzia jakiteko eta hori oso interesgarria da sagardogileentzat", diote antolatzaileek emaitzaren berri emateko zabaldu duten oharrean.

Final handia Azpeitiko Berdura plazan egin zen larunbat gauean. Mahaira eseri zirenei eskaini zitzaien menua euskal produktuetan oinarrituta zegoen, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Basatxerrik eta Lurlan Elkarteek duten elkarlanerako proiektua oinarri hartuta. Hala, Baserriko Txerriaren urdaiazpikoa eta txorizoa; Eusko Label barazkiekin egindako entsalada; bakailao ajoarrieroa tenperatua baxuan egositako Euskaber arrautzarekin; Eusko Labela duen Ekain behi txuleta eta Idiazabal gazta sagar dultzearekin izan zuten afaritarako. Eta jendea afaltzen hasi orduko, jakina, hasi ziren mahaira sagardoa ateratzen, eta afaltiarrak puntuak ematen.

Prozesu osoan zehar, inork ez du jakin zein sagardotegitako sagardoa dastatu duen sari banaketaren garaira arte. Bertan puntuazioz eta hurrenez hurren jakinarazi ziren lehen hiru sagardo gustukoenak, eta gainontzeko bederatzi finalistenak ordena alfabetikoan. Akarregi, Larregain, Lizeaga, Oiarbide, Ola, Rezola, Rufino, Setien eta Urdaira izan dira bederatzi finalistak.

Hirugarren urtea du Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiak, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak lehengo ohitura bati heldu eta bidea egin nahi du sagardoaren irrika eta dastatzeak bere lekua har dezan berriro ere euskal kulturan. Historikoki horrelako txapelketak egin izan dira, 1967tik aurrera zenbait txapelketa herrikoi antolatu baitzituen orduko Sagardogileen Elkarteak, herri desberdinekin elkarlanean, eta sare hori berreskuratzea da asmoa. Hirugarren edizio honekin Euskal Herriko txapelketa herrikoiak herri desberdinetan izan du bere lekua eta datorren urteari begira jarrita dago dagoeneko, finalaurreko eta finalak non egin herritarrekin batera landuz. Herriz herri egiten diren eta sare horretan sartzeko interesa duten txapelketa eta Sagardo Egunekin elkarlanean antolatu du txapelketa herrikoia Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzarekin, HAZI fundazioarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Ordizia, Andoain, Zarautz eta aurten final handia egin den Azpeitiako Udalarekin batera.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos