Ametsen mosaikoa hizkuntza gutxituen etorkizuna irudikatzeko

Parte-hartzaileak eta Ikastaldia posible egiten duten erakunde zein enpresatako ordezkariak, diploma-banaketa ekitaldiaren ostean./GARABIDE
Parte-hartzaileak eta Ikastaldia posible egiten duten erakunde zein enpresatako ordezkariak, diploma-banaketa ekitaldiaren ostean. / GARABIDE

Diplomarekin batera, esperientzia eta ezaupide lagungarriak daramatzate euren herrietara bueltan Garabidek antolatutako Ikastaldi Trinkoan parte hartu duten 12 buruzagi indigenek

Urriaren 2tik 30era, zortzi hizkuntza gutxitu ordezkatzen zituzten hamabi pertsonak, euren komunitateetan lidergo motaren bat duten lagunak denak, garapenerako kooperazioa hizkuntzen biziberritzearen arlora eraman duen Garabide Elkarteak aurreneko aldiz antolatu duen Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari buruzko Ikastaldi Trinkoan hartu dute parte.

Lau asteko egonaldia, hain zuzen, Garabidek Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatearekin lankidetzan 2011 urteaz geroztik eskaintzen duen Jatorrizko Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu tituluaren osagarri da eta, esan bezala, aurtengoa izan da lehen edizioa. Aditu titulua lortzeko prestakuntza bezala, euren jatorrizko hizkuntza gutxituak biziberritze prozesuan dituzten herrietako ordezkariei zuzenduta dago, baina hura baino trinkoagoa da –hilabete, hiru hilabeteren aldean-, eta parte-hartzaileen profila ere desberdina da: aditu ikastaroan gizarte ekintzaileak dira hartzaileak, eta ikastaldi trinkoan, berriz, gidaritza profila dute; kargu instiuzionalak dituzte, politikariak dira…

Festa giroko ekitaldi batekin amaitu batik bat Hego Amerikatik etorritako hamabi lagunak lau astez Euskal Herrian bildu dituen ekimena. 140 orduko formazioa jaso dute, prestakuntza teorikoa eta zenbait esperientzia bertatik bertara ezagutzeko aukera uztartuz, Kichwa (Ekuador), Quechua (Peru), Nasa (Kolonbia), Kaqchikel (Guatemala), Nahuatl (Mexico), Yukatango maia (Mexico), Amazigh (Maroko) eta Maputxe (Txile/Argentina) komunitateetako ordezkariek. Zazpi emakume eta bost gizonezko elkartu dira, "emakumezkoak ahalduntzeko apustu sendoaren" ondorioz.

Hizkuntza lankidetza hauspotu

Agur ekitaldian diploma bana jaso zuten parte-hartzaileek, jaso duten prestakuntzaren lekuko. Diplomarekin batera, oso lagungarri gertatuko zaizkien esperientzia eta ezaupideak daramatzate euren herrietara bueltan. Euskalgintzako eta EAEko erakundeetako ordezkariak ere bildu zitzaizkien Aretxabaletako Galartzako dorretxean egindako ekitaldira. Garabideko lehendakariorde den Jon Sarasuari egokitu zitzaion ikastaldiaren balorazio laburra egitea, eta ametsak izan zituen hizpide egindakoaz eta egiteko dagoenaz mintzatzeko orduan.

Eusko Jaurlaritzako HPS-ko Euskara Sustatzeko zuzendari Estibalitz Alkortak, berriz, "gizartean eta erankundeetan hizkuntza lankidetza hauspotu beharra" nabarmendu zuen. Ikastaldia bera horren fruitu da, Eusko Jaurlaritzan Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarlanean babestu baitute Garabideren formazio proiektu hau. Azkenik, parte hartzaileek hartu zuten hitza talde osoaren izenean: Paula Huenumilla maputxeak eta Jose Quimbo kitxuak. Eskerrak eman ostean hizkuntza gutxituen arteko sarea sendotzearen garrantziaz jardun zuten, elkarrengandik ikasten jarraitzeko.

Ekitaldiaren bigarren zatian diplomak jaso zituzten, Ikastaldi Trinkoan parte hartze zuzena izan duten euskalgintzako eragileen eskuetatik. Besteak beste, Mikel Irizar, Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria; Belen Uranga, Soziolinguistika klusterreko kidea; Aitor Izagirre, Goienako presidentea; Aitor Aldasoro, Beasaingo alkatea; Joseba Otondo, Baztango alkatea; Iñaki Arriolabengoa, Fagor taldeko Kontseilu Sozialeko lehendakaria eta Estibalitz Alkorta bera izan ziren diploma-banatzaile.

Trukean, ordezkari indigenek euren hizkuntzei zegozkien etorkizunerako amets bana irudikatu zuten pieza baten gainean eta, alez-ale, ametsen mosaikoa osatzen joan ziren, euren eta beste askoren hizkuntza gutxituen etorkizuna lankidetzan oinarritutako amets horien bidez irudikatu nahirik.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos