Altzoko Haundiaren pausoak jarraituz

Herriko lau tokitan ezarri diren zazpi panelak ezagutzeko ibilaldia antolatu zen, inaugurazio modura. / ARGAZKIAK YARZA

Jose Miguel Eleizegiri loturiko ibilbidea osatu dute herrian hainbat panel ezarrita Juanba Berasategik egin zituen paneletako marrazkiak; atzo omenaldia eskaini zioten

YARZAALTZO.

Miguel Joaquin Eleizegik hainbeste aldiz osatu zuen bidea bere izenean egin zuten atzo Altzoko Haundiaren ibilbidearen aurkezpenean bere jaioterrian. Herritar eta bisitari ugarik parte hartu zuten udaletxean egin zen aurkezpenean, baita ondoren jarri diren panelak ezagutzeko mendi-ibilaldian ere. Talde ugaria izan zen trikitilarien atzetik herriko txoko ezberdinak ezagutzeko asmoz abiatu zena.

Zazpi panel kokatu dira guztira herriko lau tokitan, Altzo muinoko plazan, Eleizegi jaio eta bizi izan zen Ipintza baserrian, Altzo Azpiko San Salvador elizan eta azkena frontoiaren ondoan, duela urte batzuetatik Haundiaren eskultura dagoen lekuan. Aurkezpenean azaldu zutenez, duela urtebete hasi zuten atzo aurkeztu zen proiektua. «Haurrentzako opera egin zuen David Azurzak eta gero filma ere grabatu zuten, eta herrian ere zerbait egin behar genuela pentsatu genuen», azaldu zuen Lurdes Murua zinegotziak.

Horretarako, Azurzarekin operan lan egin zuen Koldo Izagirre idazlearengana jo zuten, ibilbidean jarriko ziren panelentzako testuak egin zi-tzan eta berak, aldi berean, Juanba Berasategi marrazkilariarekin hitz egin zuen irudiak egin zitzan. «Hainbat herritako ereduak ikusi genituen, baina ezer ez zitzaion gustatzen, asko usteldu egiten zirelako. Azkenean, Haundiaren irudia bera erabiltzea erabaki zuen, eta horrela ikusi nuen nik testuak nola egingo nituen, lehenengo pertsonan idatzita», azaldu zuen Izagirrek. Berasategi joan zen apirilean zendu zen eta ezin izan du bere lana bukatua ikusi. Hala ere, bere alarguna eta seme-alabak Altzon izan ziren eta Udaleko kideek omenaldia eskaini zioten egindako lana eskertzeko.

Inaugurazio ekitaldian hainbat herritarrek osatu zituzten azalpenak. Besteak beste, Eleizegiren ondorengo den Mari Carmen Unsain Eleizegik bere amak kontatutako istorioak gogoratu zituen.

2018an berrehun urte beteko dira Eleizegi jaio zela. Gaixotasun baten ondorioz, akromegalia, modu ezohikoan hazi zen, 2,42 metro lortu arte. Hori zela eta, ezaguna egin zen eta munduan zehar bidaiatu zuen «ez nik mundua ezagutzeko, munduak ni ikusteko baizik», esan zuen bezala. 43 urterekin hil zen, Ipintzan. Paneletan, Eleizegiren hitzen bitartez, bere garaiko historia eta bizipenak ezagutu ahal izango dituzte bisitariek. Informazioa euskaraz dago, eta QR kode batekin gaztelaniaz, katalanez, ingelesez eta frantsesez ere kontsultatu ahal izango da.

Fotos

Vídeos