Alokairuaren aldeko jarrera asko ari da hedatzen gazteen artean

Eibarren dagoen eraikin txuri horretan propio gazteei zuzendutako babes ofizialeko etxebizitzak atondu dituzte, alokairuan. / MORQUECHO

Gurasoen etxean jarraitzen zutenen artean, etxebizitza alokairuan hartzearen alde zeudenak %18 ziren 2011n, eta %55,7, berriz, 2015ean

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 16-29 urteko gazteen %71,5 gurasoen etxean bizi dira, Europako batez beztekoaren gainetik (%66,1), eta 16-29 urteko gazte emantzipatuen portzentajea %26,8 da, Gazteen Euskal Behatokiaren 'Gazteen emantzipazioa Euskadin 2015' txostenaren datuen arabera.

Alokairuaren modalitateak gora egin du azken urteetan, eta etorkizunerako aukeratzat sendotu da. Horrela, 30 urtetik beherako gazte emantzipatu guztietatik %61 zeuden alokairuan 2011n, eta %73,6, berriz, 2015ean. Emantzipatu gabeko gazteek ere nahiago dute etxebizitza alokatzea: etxebizitza alokairuan hartzearen alde zeudenak %18 ziren 2011n, eta %55,7, berriz, 2015ean.

Emantzipatzeko zailtasun nagusia etxebizitza garesti egotea da, dela alokatzeko, dela erosteko. Emantzipatutako gazteen %62,6k eta emantzipatu nahi dutenen %77k adierazi dute arazo horri aurre egin behar diotela. Nolanahi ere, talde batean zein bestean, azken urteekin alderatuta, gutxiago dira orain arazo hori aipatzen dutenak.

Alokairua aukeratzeko arrazoi nagusia kreditu batekin hipotekatu nahi ez izatea da. Arrazoi horrek indar handia hartu du azken urteetan: 2011n, alokairuan bizi zirenetatik %26k aipatu zuten, eta 2015ean, berriz, %42,5ek.

Etxebizitza erosi duten gazteen ehunekoak behera egin duenez, gazte gutxiago daude hipoteka bat ordaindu beharreko egoeran. Izan ere, hipoteka ordaintzeko duten gazteen ehunekoa aldatu egin da, %26,4tik (2011) %13,4ra (2015).

2015ean, gazte emantzipatuek hipoteka maileguaren kuota edo alokairu errenta ordaintzeko behar zuten batez besteko zenbatekoa 539 euro zen. Alokairuan zeuden pertsonek hilean 543 euro ordaintzen zuten, batez beste, eta hipoteka ordaintzen ari zirenek, berriz, 515 euro. Zenbateko horiek txikiagoak ziren Euskadiko batez besteko alokairu errenten zenbatekoak eta Euskadin urte horretan eratutako hipoteken batez besteko kuoten zenbatekoak baino. Gazteek ordaintzen dituzten batez besteko errentak ez dira asko aldatu azken urteotan; hipoteka kuotak, berriz, 100 euro baino gehiago jaitsi dira 2011tik 2015era.

Zailtasun handiak

Gazte emantzipatuen laurdenak baino zertxobait gehiagok zailtasunak dituzten etxebizitza gastuak ordaintzeko. Emantzipatutako gazteen %28,6k aitortzen dute zailtasunak dituztela etxebizitzaren ohiko gastuei aurre egiteko: alokairu errenta, hipoteka kuota, argia, ura eta abar.

Heren batek (%33,2) aurreikusten du zailtasunak izango dituela gastu horiek ordaintzeko inkestaren osteko urtean. Etxebizitza gastuak ordaintzeko arazoak dituzten edo arazoak izango dituztela aurreikusten duten gazte emantzipatuen ehunekoak zertxobait behera egin du azken urteotan.

16-29 urteko hamar lagunetik batek esan du lehenago emantzipatuta egon dela, nahiz eta orain gurasoekin bizi. 16-29 urteko gazte guztietatik %10,9k emantzipazio esperientzia dute, nahiz eta gaur egun familiaren etxean berriz bizitzen ari diren. Gurasoen etxera itzultzeko aipatzen dituzten arrazoi nagusiak ikasketak amaitu izana eta bikotekidearekin harremana amaitu izana dira.

16-29 urteko gazte guztien %2k familiaren etxera itzuli behar izan zuten beren kontura bizi ondoren, arrazoi ekonomikoek bultzatuta. Arrazoi ekonomiko horiek hauek izan ziren: lanik gabe geratzea edo emantzipatzeko hartu zuten etxebizitzako gastuei aurre egin ezin izatea. Ehuneko hori zertxobait jaitsi da 2013tik. Urte hartan, 30 urtetik beherako gazteen %3,1 zeuden egoera horretan.

30 urtetik gora egoera aldatzen da eta gehiengoa dira gurasoen etxetik kanpo bizi direnak. 30 eta 34 urte bitartean, pertsona emantzipatuak %74,3 dira. Adin talde honetan ere handitu egin da alokairuan bizi direnen ehunekoa aurreko urteekin konparatuz, nahiz eta oraindik gehiago diren etxebizitza erosi dutenak (%48) alokatu dutenak baino (%43,5).

Azterketaren oinarria 16-29 urteko gazteek gai horren inguruko inkesta espezifiko bati emandako erantzunak dira. Galdera berdinak egin zaizkie 30-34 urteko taldekoei, aztertzeko nola aldatzen den, edo ez, pertsona gazteen bizitegi egoera adinean aurrera egin ahala. Guztira, Euskadin bizi diren 16-34 urteko ia 2.000 pertsona gaztek hartu dute parte, borondate onez.

AMB

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos