100 akuariok elkarrekin egingo diete aurre hondakinei

2015eko argazkian, Aquariumeko arrainentzako bazka arrantzatzen duen Jokin Gilisagasti, itsasotik ateratako plastikoekin.
2015eko argazkian, Aquariumeko arrainentzako bazka arrantzatzen duen Jokin Gilisagasti, itsasotik ateratako plastikoekin.

Donostiako Aquariuma ere bildu da Monakon aurkeztu den 'Munduko akuarioak elkarrekin gure ozeanoak babesteko' kanpainara

Europako Ingurugiroko Komisario Karmenu Vellak, Monakoko Alberto II printzearekin batera, 'Munduko akuarioak elkarrekin gure ozeanoak babesteko' ekimena aurkeztu du ostegun honetan printzerriko museo ozeanografikoan. Kanpaina horren baitan, munduko 100dik gora akuariok arrainontzietako bat zaborrez beteko dute, bisitariek ikus dezaten bertatik bertara zein den itsasoaren benetako egoera.

Donostiako Aquariuma ere hondakinen aurkako aliantza moduko horretara bildu da, betidanik izan baitu gaiaren inguruko kezka berezia. Monakoko bilkuran, hain zuzen, honakoa esan du Aquariumeko Jose Ignacio Espelek: "Donostiako Aquariumean lanean jarraitzen dugu, azken hamarkadetan egin dugun bezala, akzio desberdinak abian jarriz, emanaldiak eta hitzaldiak antolatzen eta itsas hondakinen arazoei buruzko informazioa banatzen, gure itsasoen kalitatea eta itsas espezieen bizitza hobetzeko asmoz".

Europar Batasunak antolatutako kanpainaren aurkezpenean Vella Komisarioak gogoratu duenez, "uda honetan, munduko milaka bisitarik akuarioren bat bisitatuko dute. Horrenbestez, aldaketa eragiteko gure akuarioetan itsasoko plastiko hondakinen eragina erakustea beharrezkoa da".

Ekitaldi berean, urriaren 5 eta 6an Maltan burutuko den Our Ocean konferentziaren aurkezpena egin da. Europar Batasunak lehen aldiz antolatu duen goi mailako bilera izango da, bertan nazioarteko adituak bilduko direlarik.

Eta arazoak merezi du goi mailako bilerarik, egoera zein larria den ikusita. Urtero 10 milioi tona zabor iristen dira ozeanoetara: kamioi bat minuturo, 400 kilo segundoko… Horren ondorioz, milaka itsas animalia hiltzen dira, berdin dio arrain, hegazti, ugaztun edo narrasti... Hainbat zonaldetan, sei aldiz zabor gehiago aurki daiteke planktona baino. Etorkizunera begira, gauzak ez dira hobeak. Donostiako Aquariumak ohar baten bidez gogoratu duenez, 2050erako itsasoan plastiko gehiago izango da arraina baino, eta 100 itsas hegaztitik 99 plastikoa jandakoak izango dira.

Donostiako Aquariumak, esan bezala, urteak daramatza dibulgazio lanean, miloika bisitariei itsasoak jasaten ari diren poluzio arazoen berri ematen. 2008. urtean aurrea hartu zion aurkeztu berri den ekimenari, orduz geroztik baitu Urumea ibaian eta Kontxako badian jasotako zikinkeria erakusten tanke batean. Dibulgazio sailetik ere etengabe ari dira azken urteetan itsasoak itotzeko zorian dauzkan kutsaduraren berri ematen.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos