«Aitaren gerra aurreko gramatika batekin hasi nintzen euskara ikasten»

Sarasolak gaztetan «asko, ikaragarri» irakurri zuela dio, bai euskaraz eta baita gazteleraz eta frantsesez ere

G. L. DONOSTIA.

Nolatan hasi zen Ibon Sarasola euskalgintzan? Rikardo Arregi eta Ramon Saizarbitoriarekiko harremanak izan omen ziren arrazoi nagusia. Baina ordurako, donostiar honek «asko, ikaragarri» irakur-tzen zuela onartzen du. «16 eta 18 urterekin hasi nintzen denetik irakurtzen, espainolez nahiz frantsesez. Euskaraz gutxi zegoen orduan, baina 'Garoa' eta 'Kresala' eta denak irakurri nituen. Camus eta hauek ere denak frantsesez irakurri nituen. Liburu pila bat pasa nituen, orain baino askoz gehiago». Etxean hazi zitzaion hizkuntzarekiko izan duen zaletasuna. Aitak proposatuta hasi zen euskara idazten ikasten eta «aitak utzitako gerra aurreko gramatika batekin hasi nintzen euskara ikasten». Filologia egitearen arrazoia beste bat dela dio, berriz:«Amateurra izaten ez dakit eta honetara dedikatu nahi banuen modu sakonean egin behar nuela erabaki nuen».

Sarasola ez da jendeari zer egin behar duen esaten dion horietakoa. Gaurko saria jasotzerakoan diskurtsorik bota behar ez zuela jakin zuenean «lasaitu ederra» hartu zuen. Elkarrizketa egingo dio Maite Artolak. Ez du gomendiorik eman nahi, baina baina bere hausnarketak baliagarri izango dira aintzat hartu nahi dituenarentzat. Adibidez: «Hizkuntza bat ez baduzu irakurtzen, hizkuntza horretan beti ibiliko zara motel. Norbaitek ez badu hizkuntza bat irakurtzen, ezingo du hizkuntza hori dominatu». Hortik aurrera, ez du epaiketarik egin nahi. «Nik bi seme ditut eta biek asko irakurtzen dute. Hortik aurrera ez dakit nola dabilen jendea. Niregatik izan ote da? Semeen amak ere asko irakurtzen zuen eta irakurtzen du», dio.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos