Abiatzear dira aurreneko Jakin Jardunaldiak

Zumeta Arte Estudiora bisita egingo dute, jarduera osagarri gisa. Argazkian, Jose Luis Zumeta eta alaba Uxoa. / Usoz

12 hizlari eta 100 lagun baino gehiago elkartuko dira 'Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua' jardunaldian

Ostegun eta ostiralean, uztailaren 13 eta 14an, egingo da Usurbilen bertako Udalak, UEUk eta Jakinek elkarrekin antolatu duten 'Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua' jardunaldia. Jakinek eta UEUk Usurbilgo Udalarekin sinatutako lankidetza akordioaren arabera, aurrerantzean udalerri horretan antolatuko dira, UEUren udako ikastaroen baitan, Jakin Jardunaldiak.

Hastear den aurreneko edizioak harrera izugarri ona izan du, iragarri eta berehala bete baitziren lekuak. Usurbilgo ikastolan areto handiago bat egokitu arren, itxaron zerrenda zabaldu zuen UEUk. Gainera, ohiko ikastaro formatuaz gaindi, kultura programazioarekin osatuko da jardunaldia ostegun gauez, bisita gidatu eta kontzertuekin.

Jakinek ohar baten bidez aurreratu duenez, "elkargunetik elkarguneaz aritzeko asmoz,12 hizlari eta 100 entzule baino gehiago elkartuko dira ostegun eta ostiral honetan Usurbilen". Hizlarien artean aipa daitezke, besteak beste, Mari Luz Esteban, Maria Reimondez, Tarana Karim edota Ignazio Aiestaran.

Bizikidetzaren korapiloetan "gure eguneroko bizitza eta besteekiko bizikidetza hizkuntza, genero, klase sozial eta jatorriaren arteko harremanetan josten da", Lorea Agirre Jakineko zuzendariaren hitzetan. "Harreman horien nolakotasunak esaten digu zerbait geure buruaz, geure taldetasunez, eta, azken finean, herria egiteko geure moduez, ezinez eta indarguneez". Harreman horiek aletuz sortzen diren galdera eta erronkei erantzuten saiatuko da ikastaroa: hizkuntza eta kultura aniztasunaz, euskararen normalizazioaz ,beste hizkuntza ez-hegemonikoentzako euskal hiztunen ekarpenaz, klasearen egungo esanahiaz, prekaritateaz, botere harremanez, ahalduntzeaz, borroken aliantzez nahiz jendarte justu eta berdinzaleagoaren eraikuntzaz jardungo baituikastaroak. Guztia bidegurutzetik, elkarguneko feminismoaren begirada baliatuz elkarguneari erreparatzeko.

Diskurtsoa eraikitzen eta praktika egikaritzen dabiltzan hamabi aditu eta aritubilduko ditu horretarako Jakin Jardunaldiak. Lehen egunean, diskurtsoari helduko dio Mari Luz Esteban EHUko irakasle eta antropologoaren, Ignazio AiestaranEHUko irakasle eta filosofoaren, Maria Reimondez Galiziako idazle eta itzultzailearen eta Itziar Gandarias psikologia sozialeko Deustuko Unibertsitateko irakaslearen hitzaldiekin.

Arratsaldean, gainera, elkarrekin arituko dira mahai-inguruan. Bigarren egunean, berriz, bizi-ibilbideen errepasoa baliatuko du ikastaroak bidegurutzea zeharkatzeko: Petra Elser Banaiz Bagara elkarteko zuzendariak, Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasle eta kulturartekotasunean adituak eta Tarana Karim SOS Arrazakeria elkarteko kideak hartuko dute hitza. Ondoren, mahai-inguruan elkartuko dira, eta Jessica Chalampuente kitxua eta Aminata Diop Secksenegaldarra batuko zaizkie, norbere bizipenekin eta hizkuntzarekin eztabaida aberasteko. Jardunaldiak amaitzean, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina bertsolariek entzundakoa laburbilduko dute bertsotan.

Jardunaldiek jarraipena izango dute ikastaro orduetatik kanpo. Uztailaren 13an, ostegunean, Harria-Hitz Usurbilgo herriaren eta euskal kultura garaikidearen arteko loturari buruzko bisita gidatua egingo da 18:00etan (Artze anaiak, Mikel Laboa, Tapia, Arrastalu...). Bisitariek Jose Luis Zumeta margolariaren Arte Estudioa ezagutzeko aukera izango dute ondoren. Gauean, berriz, Joseba B. Lenoir eta Miren Narbaiza musikariek elkarrekin eskainiko dute emanaldia, eta La Basuk hartuko die lekukoa Mikel Laboa plazan. Kultura ekimen guztiak doan izango dira eta kontzertuak bertaratzen diren guztientzako izango dira.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos