Euskaraldiaren garrantzia nabarmendu dute Udaltopen hasieran

Taldeko argazkia, hamargarrena ospatzeko.. /
Taldeko argazkia, hamargarrena ospatzeko..

'Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak' izenburupean egingo diren jardunaldiek bidean den aktibazio ekimena izango dute hizpide nagusi

Abian dira Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean Udaltop jardunaldiak, Udaletako Euskara Zerbitzuen arteko topaketak. Bi egunez, marka guztiak hautsiz, 270 pertsona pasako dira Lasarte-Oriatik; Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiako, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Beherako euskara teknikariak, arduradun politikoak, irakasleak, hizlariak eta beste hainbait esparruetako langileak.

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Markel Olanok, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Elena Lakak, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Jesus Zaballosek, Lasarte-Oriako alkateak eta Jon Antxordokik, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko lehendakariak abiatu dute edizio berri hau, Pilar Kaltzadaren gidaritzapean.

Hamargarren ediziora iritsi dira aurten topaketak, eta gai nagusi bat izango dute: Euskaraldia. 'Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak' izenburua dute hain zuzen topaketek. Udaltop 2018 Zaballos alkateak ireki du. «Pozik eta harro nago gaur hemen hainbeste pertsona ikusteaz. Pozik, uste dudalako denon artean abiatu dugun ekimen hau ona dela. Ona dela euskararentzat, ona dela beti euskaraz egiteko ohitura duten milaka euskaldunentzat. Ona da, baita ere, nahiz eta euskaraz egiteko ohiturarik ez izan, euskaraz zer edo zer dakitelarik, euskaraz gehiago egin dadin parte izan nahi duten milaka euskal herritarrentzat. Eta ona dela iruditzen zait, oraindik euskara jakin ez, baina noizbait ulertzera iritsiko diren beste milaka euskal herritar horientzat ere», adierazi du.

Euskaraldiarekin bete-betean murgilduta dabil lanean Euskaltzaleen Topagunea, eta egoeraren erradiografia egin du Elena Lakak, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. «Lurralde bakoitzaren testuingurua kontuan hartuz euskararen lurralde guztietara zabaltzen ari da Euskaraldia. Oso pozik gaude modu orekatuan eta egoera soziolinguistiko zailagoko herrietan ere egingo delako Euskaraldia. Harrera ona izaten ari da eta ilusioa eta gogoa sortu du euskaltzaleen artean. Orain gizarte osora zabaltzeko erronka dugu. Guztion artean lortuko dugu», zehaztu du.

Jarraian, Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuak, hartu du hitza. eman dio amaiera hasiera ekitaldiari. «Orain urtebete, jardunaldi hauetan, gero Euskaraldia gisan bataiatuko genuen proiektua jarri genuen abian. Aktibazioaren inguruan egindako tokiko hainbat ekimen ezagutzeko aukera izan genuen, eta ideia horiek euskararen lurralde osora eramateko apustua egin genuen. Gaur, Euskaraldia martxan dagoen anbizioz beteriko proiektu bat da, eta hainbat ekarpen egingo dizkigulakoan nago. Lehendabizikoa jadanik egin digu. Jatorri eta pentsamendu ezberdinetako hainbat lagun elkarrekin ari gara lanean, buru-belarri, 11 egun horiek prestatzeko. Euskaraldia tresna eraginkorra izango da euskararen erabileran pausoak emateko eta hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko. Eta hori da gure hizkuntzak gaur gaurkoz behar duena», azpimarratu du.

Markel Olanok, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, eman dio amaiera hasiera ekitaldiari. «Gipuzkoako herri askotan hasi zen ernatzen mugimendu hau, Lasarte-Orian hartu zuen indar eta izaera berezia. Gipuzkoako Foru Aldundian, gure ahalmenen neurrian, saiatu ginen ekimen hau hasieratik aldezten, Lasarte-Orian izan zuen iker-lerroari lagunduta. Orain, zorionez, Euskaraldiaren gidaritza Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak hartu dute, elkarlan eredu eta giro berri batean. Uste dut albiste ona dela hori, herri erakundeen eta gizarte eragileen arteko jokabide elkartua izango baita aho biziak pizteko eta belarriak prestatzeko giltza», azaldu du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos