Abiatu da Nafarroa Oinez Lesakan

Irekiera ekitaldia ikastolan bertan egin da./NAFARROA OINEZ
Irekiera ekitaldia ikastolan bertan egin da. / NAFARROA OINEZ

Hasiera ekitaldia Tantirumairu ikastolan egin ostean, eta eguraldi bikaina lagun, hasi dira betetzen ibilbidea eta herriko bazter gehienak

Goizeko 10etan egindako ekitaldiarekin eman diote hasiera aurtengo Nafarroako ikastolen eta euskaltzaleen besta handiari Lesakak. Tantirumairu ikastolak hartu du aurten Nafarroa Oinez antolatzeko ardura eta Tantirumairu ikastolan bertan izan da inaugurazio ekitaldia. Ikastolako zuzendari Aitor Iratzoki eta lehendakaria Amaia Lasherasen ondoan izan dira Mikel Asiain NIEko lehendakaria, Lesakako alkatea, Jose Luis Etxegarai, baita Nafarroako Gobernuko presidentea Uxue Barkos eta Bortzirietako, Nafarroako nahiz Euskal Herri osoko udal, kultura, gizarte eta politika arloko ordezkaritza zabala ere (ikusi zerrenda).

Esker oneko solasak izan dituzte ikastolako arduradunek Lesakara hurbildu diren guztientzako. Ikastolaren eredua goraipatu dute guztiek eta hezkuntza eredu propioa aldarrikatu dute, gure hizkuntzarekiko errespetuan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritua.

Uxue Barkos, Nafarroako Gobernuko presidenteak ikastolek euskararen alde egindako lana goraipatzeaz gain, Nafarroako Gobernuak euskararekin duen konpromisoa ere azpimarratu du.

Intxaurrondo bat landatu dute Mari Karmen Ubiria eta Arantxa Errandonea ikastolako ikasleen ama eta amatxiek.
Intxaurrondo bat landatu dute Mari Karmen Ubiria eta Arantxa Errandonea ikastolako ikasleen ama eta amatxiek. / NAFARROA OINEZ

Estitxu Fernandez aurkezle eta Tantirumairu ikastolako ikasle ohiak gidatu duen ekitaldia xumea bezain hunkigarria izan da. Nafarroa Oinezeko kantuaren, bideo-kliparen eta urte osoan gauzatu den jarduera egitarauaren zutabe izan den tobera protagonista bilakatu da oraingoan ere, Arritxu eta Iratxe Muxikaren eskutik. Era berean, Mari Karmen Ubiria eta Arantxa Errandonea ikastolako ikasleen ama eta amatxiek intxaurrondo bat landatu dute, aurtengo Nafarroa Oinezen logoari bi hosto utzi dizkion eta ikastolaren 43 urteko historiaren lekuko izan denaren ondoan. Plazara Dantzara kantuaren doinupean, antzerkitto bat egin dute ikastolako 5. eta 6. mailako ikasleek. Bi neskatok ureztatu dute intxaurrondo berria txistulariek Tantirumairu doinua jotzen zuten bitartean, etorkizunean ere Tantirumairu ikastolak itzala izan dezan.

Ekitaldiarekin batera, Nafarroa Oinez inauguratua gelditu da eta ikastolatik abiatu dira agintariak, trikitilariekin batera ibilbidea egitera. Udalerriaren goiko aldean kokatuko da eta 3 kilometro eta erdiko luzera du ibilbideak, herriaren izaera islatu eta Lesakako industria eremutik nahiz baserri inguruetatik pasatzeko. Bidean 4 gune topatuko ditu bisitariak (Arratzubi, Bertizenea, Biurgarai eta Uhartea).

Musika eskaintza ugaria eta anitza izango da egunean zehar. Eskualdeko taldeak izango dituzte -Petti, Borrokan eta Kalera taldeak-, eta horiekin batera ISEO&Dodosound, Bad Sound System, Xutik, Oihan Vega, Gabenra, Trikidantz eta beste. Bertso saioak, haurrentzako emanaldi ugari, Larraindantza, herri kirolak, zumba, Erronka eta beste zenbait proposamen ere bildu dituzte egitaraura. Aurten lehen aldiz zeliakoentzako janaria eskainiko duela Nafarroa Oinezek 2. gunean.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos