3.000tik gora parte-hartzaile alfabetatze digitalerako tailerretan

Batez besteko partaidetza 110 haur eta nerabe izan da eguneko.
Batez besteko partaidetza 110 haur eta nerabe izan da eguneko.

Gipuzkoan barrena mugitu da uztail osoan Ikasgela Ibiltaria, haur eta nerabeen artean programazioaren ezagutza zabaldu eta sustatzeko

Uztailaren hasierarekin batera abiatu zirenetik, 3.000tik gora haur eta nerabek hartu dute parte Foru Aldundiak antolatutako alfabetatze digitalerako tailerretan. Izan ere, joan den asteburuan eman zion amaiera Donostian Ikasgela Ibiltariak Kode_TU programari, Kultura eta Gazteria Departamentuaren ekimenari. Programazioari ekiteko 45 minutuko doako tailerrak eman die 8 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeei Gipuzkoako 22 herritan, programazioaren inguruko ezagutza eta interesa gaztetatik bultzatuz heziketaren aldetik eta pertsona gisa garatu daitezen, haien baitan jakin-mina eta teknologia bokazioa hauspotuz.

Batez besteko partaidetza 110 haur eta nerabe izan da eguneko: 8-16 urteko 3.000 gazte gipuzkoar baino gehiago. Parte-hartzaileen artean, % 40 mutilak izan dira, eta % 60, berriz, neskak; % 5 hezkuntza beharrizan bereziko haurrak izan dira, eta % 80k lehen harremana izan dute programazioarekin.

Ikasgela Ibiltari honetan eskainitako tailerrak ondorengoak izan dira: Programatu ordenagailurik gabe (8-12 urte), Scratch ezagutu (8-12 urte), Bideo-jokoak sortu (8-14 urte), Webguneak programatu (12-16 urte), Programatu I (12-16 urte) eta Programatu II (14-16 urte).

Elkarlanean

Jolasa eta hezkuntza uztartzen dituen kanpaina hau Aldundiaren Kultura Departamentuko Gazteriako Zuzendaritzaren KULTURA DIGITAL@ programan kokatu da, eta kanpainaren helburu nagusia izan da Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasle guztiak programazioa ikastearen garrantziaz sentsibilizatzea, mundu digitalean era egokian moldatuz hura egoki eta era sortzailean balia dezaten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Orona Fundazioak eta Kode_Eskolak sustatu dute proiektu hau, Irizar autobus eta autokar enpresaren lankidetzaz, haren autobus batean moldatu baita ikasgela, eta mugikortasun murriztuko pertsonek bertara sartu eta jardueretan parte hartzeko egokitu dute.

Goizane Alvarez Gazteria eta Kiroleko zuzendariak azaldu duenez, "ekimen hauen bidez, gazteei zein haien hezitzaileei irizpideak eta laguntza eman nahi dizkiegu, mundu digitalean molda daitezen eta teknologia berriak era kritikoan eta jakinaren gainean erabil ditzaten. Gizartean dagoen zuloa ere hautsi nahi dugu, dela generozkoa, dela lurralde artekoa, teknologien inguruko heziketa eta erabilerari dagokionez".

Bere aldetik, Nerea Atxega Kode Eskolako zuzendariak irmo defendatu duenez, "Kode_Tu programa diseinatuta dago haurrek eta nerabeek pedagogia dinamikoaren bitartez programazioaren kontzeptu eta logikari heltzeko, inguratzen dituen teknologiaren funtzionamendua uler dezaten eta, ondorioz, erabilera huts-hutsean kontsumistak albora ditzaten, ulertuz etorkizunean ordenagailuak jada ez direla nahikoak izango eta programazioa hezkuntzako zeharkako elementua bihurtuko dela, oinarrizko gaitasun bat, nork berea duen soslaia teknikoa edo gizarte-arlokoa edo humanistagoa izan kontuan hartu gabe. Helburua da gazteek kodea idazten eta irakurtzen ikastea (hori baita teknologiaren lengoaia), sormen eta ekintzailetza teknologikoa hauspotzeko".

KULTURA DIGITAL@ko Kode_Tu programan, gainera, uztailean Udako Eskola bat (5-16 urte) egin da Orono Ideon, eta Udaleku Digital@ bat (8-12 urte) Hondarribian. Abuztuaren 20-26an, beste Udaleku Digital@ bat antolatuko da 12-16 urtekoentzat Hondarribian (TOKIA DAGO ORAINDIK). Irailetik abendura Kode_Tu tailer gehiago egingo ditugu teknologiako programazioa Gipuzkoako bazter ugaritara hurbiltzeko.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos