25.000tik gora pertsona kaltetzen dituzte urtero lesio medularrek

Eroriko txar batek bizi osorako ondorioak izan ditzake. / EFE

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak bideo bat prestatu du ondorio oso larriak izan ditzakeen lesioa ekiditen saiatzeko

Urtero, Espainiar estatuan 25.000 pertsonak baino gehiagok pairatzen dituzte lesio medularrak. Trafiko-istripuak edo uretan gertatutako eroriko larriak dira lesio medular gehien eragiten duten izaera traumatikoko arrazoiak. Ondorio oso larriak izan ditzakete askotan, baina prebentzioa areagotuz ekidin daitezke. Hori dela eta, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madril, Katalunia, Nafarroa eta Galiziako fisioterapeuten elkargoekin batera, bideo bat prestatu dute lesio medularren zati handi bat prebenitzeko '12 hilabete, 12 osasun-gomendio' kanpainaren barruan. Zenbait kasutan lesio medularrak gaixotasunek eragindakoak diren arren, era horretako lesioen arrazoi nagusia udan maizago gertatu ohi diren trafiko-istripuek nahiz kirol arloko istripuek eragindako trumatismo larriak dira.

Lesio medularrik ohikoenetako batzuk saihesten laguntzeko asmoz, jarraibide erraz batzuk bildu dira honekin batera ikus daitekeen abuztuko bideo-kontseiluan. June Ruiz Orcajo EFEOko presidenteordeak gogoratu duenez, "prebentzioa da lesio medularrak saihesteko tratamendurik onena".

Oinarrizko gomendioak

Besteak beste, "kotxea hartzen denean, zorroztasun osoz errespetatu behar dira zirkulazio-arauak eta abiadura-mugapenak, ibilgailua egoera onean mantenduz eta aldizka egin beharreko ikuskapenak eginez. Horrek guztiak lesio medularra eragin diezaigukeen istripu bat izatea ekidin dezake. Gainera, maiz hidratatzea gomendatzen da, bi orduz behin geldituz eta behin ere mugikorra erabili gabe, gidatzen ari garen bitartean".

Kirol arloko istripuen kasuan, "udaren etorreraz uretako jarduerak ugaritu ohi dira, lesio medulara eragin diezaiguketen istripuen eragile nagusietako bat. Uretan arriskuak saihesteko, euskal fisioterapeutek garrantzi handikotzat jo dute keinu txiki batzuk kontuan hartzea, hala nola, uretara jauzi egin aurretik igerilekuaren sakonera egiaztatzea edo eskuak buruaren aurretik jartzea. Honela, inpakturik izatekotan, kolpea eskuek hartuko lukete, eta ez buruak".

Nolanahi ere, lesio medularra egon daitekeela susmatzekotan, larrialdi zerbitzuetara deitu behar da, istripua hartu duen pertsona mugitu gabe, lesioa larriagoa bihur ez dadin. Fisioterapiaren eginkizuna erabakigarria da lesio medularren tratamendua egiterakoan, pazientea osotasunean artatzen duen neurrian. Horrek esan nahi du, June Ruiz Orcajok adierazi duenez, "pazienteari mugikortasuna berreskuratzen laguntzeaz gain, gizartean eta lan-munduan txertatzen lagunduko dion errehabilitazio funtzionala ere egiten zaiola".

Kaltetutako aldeetan zein lesiorik gabeko aldeetan mugikortasun artikular egokia mantentzeaz gain, fisioterapeutek bestelako jarduerak ere egin ohi dituzte pazienteekin; adibidez, esfortzuarekiko erresistentzia hobetzea, lesio medularra pairatu duen pertsonak bizi-kalitate ona izan dezan.

Bestalde, "fisioterapeutak arnasketa-funtzio egokia mantentzeaz arduratzen dira funtzio hori kaltetuta geratu den kasuetan; baita kontrakturak eta tendinitisak bezalako bigarren mailako lesioak saihesteaz ere. Azkenik, fisioterapeutak pazienteak berrezteaz arduratzen dira, berriz ere ibiltzeko gauza daitezen, premiazko muskulatura egoera onean mantenduz, eta lesiorik larrienak dituzten pazienteen kasuan, exoeskeletoaz baliatzen dira, zutik jarri eta ibiltzeak dakartzan onurez profitatzen jarraitzeko aukera izan dezaten".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos