Diario Vasco

Bizikletaren alde mugaren alde bietan

Bi ibilbide izan dituzte aukeran parte-hartzaileek, luzea eta laburra.
Bi ibilbide izan dituzte aukeran parte-hartzaileek, luzea eta laburra.
  • Ederbidea proiektuak bizikleta zaleak bildu ditu Bidasoako Bide Berdean, mugikortasun iraunkorraren aldeko jai giroko martxan

Sunbillan egin da larunbat honetan, ekainaren 24an, Ederbidea Zikloturistaren lehen edizioa. Bertan adin desberdinetako bizikleta zaleek bat egin dute, Bidasoako Bide Berdean martxa zikloturistan parte hartzeko. Lehiakorra izan ez den ekitaldia Ederbidea mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren ekintzetako bat da Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetan mugikortasun iraunkorra sustatzeko.

Ederbideako (Interreg Poctefa) bazkideak Pirinio Atlantikoen Departamentua, Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira; Imotz, Biarritz, Donibane Lohizune, Hendaia eta Irungo Udalak; Hego Lapurdiko Hirigunea Elkargoa, Baztan Bidasoa Turismo Elkargoa, Cederna Garalur elkartea eta Plazaola Partzuergo Turistikoa.

Ehun pertsona inguruk, haien artean familiak, zikloturistak eta zaletu taldeak, parte hartu dute ibilbidean, eta Bidasoako Bide Berdetik 24 edo 40 kilometroko ibilbidea egiteko aukera izan dute.

Proiektuaren kide den Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak antolatuta, irteera eta helmuga Sunbillan izan da eta ibilbide luzea aukeratu dutenek Beraraino joan behar izan dute itzulera hasi aurretik.

Martxak balio izan du mugaren alde bateko eta besteko zaleek bat egiteko eta Bidasoaren eskualdea disfrutatzeko, ingurune naturalean, pedalei eragin bitartean.

Ekitaldia amaitzean, zikloturisten artean bi pertsonentzako lau menu zozketatu dira Baztan Bidasoa Turismoko kide diren establezimenduetan: Oronoz-Mugaireko Urgainen, Doneztebeko Ameztian, Sunbillako Ariztigain kanpinan eta Etxalarko Etxalar Bentan.

Hortaz, parte hartzaileek lehen eskutik ezagutu ahal izan dute Ederbidea, mugaz gaindiko lankidetza proiektua bizikletaren erabilera bultzatzeko turismo eta aisialdiko ikuspegitik nahiz eguneroko joan-etorrien ikuspegitik.

Ederbidearen lan ildoetako bat bizikletan egiten diren joan-etorrien segurtasuna hobetzea da. Horrela, Baiona, Donostia eta Iruñeko hiriek osatzen duten mugaz gaindiko hirukian bizikleta bideen egokitzapenari jarraitasuna emanen dio proiektuak. Modu honetan, adierazi dute sustatzaileek, «Ederbideak aukera ematen du mugikortasun iraunkorrarekin, ekonomia berdearekin, eta, bereziki, turismo aktiboarekin jarduera ekonomikoak garatzeko».

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate