Borrar
Jardunaldien lehen edizioko argazkia.
'Lurraldea eta hizkuntza' gaiari buruzko saio irekia

'Lurraldea eta hizkuntza' gaiari buruzko saio irekia

UEUk antolatua, datorren larunbatean egingo da, goizean zehar, Eibarreko egoitza nagusian

El Diario Vasco

Martes, 25 de abril 2017, 10:45

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

2014 urtean 'Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea. I. Jardunaldiak' egin zirenetik, asko hitz egin, idatzi eta hausnartu da lurraldearen kudeaketaren eta hizkuntzaren bilakaeraren arteko harremanaz. Jardunaldien beste bi edizio egin dira, UEUk Asmoz Fundazioarekin batera antolatutako bi MOOC-ikastaro jendetsu ere bai. Dinamika horri segida espezializatua emateko eta sakontzeko sortu zen, halaber, 'Lurraldea eta Hizkuntza: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa' graduondokoa, Euskal Herriko urbanizazio-prozesuek hizkuntza-dinamiken aldaketan, bereziki euskararenean, duten eragina aztertu nahi dituena. UEUk eskainia, UPV/EHUren Berezko Titulua eskuratzea ahalbidetzen du graduondokoak.

Datorren larunbatean, apirilak 29, graduondoko horren baitan, baina interesa duen edonori irekia, 'Lurraldea eta hizkuntza: alternatibak' saioa egingo da UEUren Eibarreko egoitza nagusia den Markeskoan. Goizeko 9:30etan hasi eta 14:00etan amaituko den saioan begirada osagarrietatik (hirigintza, feminismoa, zientzia, kultura, ekologia) lurraldea eta hizkuntza kudeatzeko proposamenak jarri nahi dira mahai gainean. Xedea da, hain zuzen, euskaraz bizitzeko aukerak, gogoak eta guneak zabalduko dituzten garapen eta kudeaketa ereduak bilatzea eta partekatzea. Sarrera, esan bezala, librea izango da, eta hitzaldi bana eskainiko dute Lorea Agirre, 'Jakin' aldizkariko zuzendariak; Pablo Suberbiola, Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak; Xabier Harlouxet eta Anaiz Agirre, Bizi mugimendu ekologistako kideek eta Patxi Galarraga eta Miren Vives, Projekta-ko arkitektoek. 12:00etatik 14:00etara, berriz, mahai baten inguruan aurreko saioetan azaldu diren begiraden osagarritasuna bilatzen saiatuko dira parte-hartzaileak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios