Diario Vasco

Mari Ayestaranek jasoko du 2017ko Carmen Adarraga saria

Mari Ayestaran 2015eko argazkian.
Mari Ayestaran 2015eko argazkian. / LOBO ALTUNA
  • Emakume-kirolari emandako bizi oso bat hartzen du aintzat Foru Aldundiak aurten bigarren urtez emango duen sariak

Emakume kirolarien ahaleginak eta horien alde egindako lana aintzat hartu eta nabarmentzeko sortu zuen iaz Foru Aldundiak Carmen Adarraga saria. Aurten, martxoaren 7an, Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan, Ideo Oronan egingo den ekitaldian, Mari Ayestaran hockey jokalari eta entrenatzaileak jasoko du saria.

Kirolari donostiarra, hain zuzen, gakoa izan da da Real Sociedaden emakumezkoen hockey taldearen historian, jolakari bezala aurrena eta entrenatzaile gisa gero. Jokalari zela, Espainiako selekzioak 1971etik 1984ra bitartean jokatu zituen partidu guztietan hartu zuen parte, eta nazioarteko 89 partidu ofizial jokatu zituen Ayestaranek (Europako txapelketak, mundukoak, amistosoak...).

Arrakasta ugari pilatu ditu bere ibilbide luzean zehar aurtengo sarituak, jubeniletan hasita. Gogoan izan behar da, besteak beste, 1985-96 denboraldian Ohorezko Mailako liga sortu zenean Real Sociedad taldeak lortu zuela aurreneko titulua. Erreginaren Kopa ere bitan irabazi zuten.

'Urrezko neskak'

Unerik gogoangarrienetakoak 1992an Bartzelonan egin ziren Joko Olinpikoetan bizi izan zituen Mari Ayestaranek. Berak entrenatzen zuen Espainiako selekzioak, hain zuzen, urrezko domina lortu zuen. Mari Ayestaranen gidaritzapean, Teresa Motos, Nagore Gabellanes eta Maider Telleria izan ziren lepotik urrezko domina olinpiko bat zintzilikatu zuten aurreneko emakume gipuzkoarrak. Ondo merezia izan zuten, beraz, 'urrezko neskak' deitura. Jokalari, entrenatzaile eta Euskadiko selekzionatzaile ez ezik, Espainiako Hockey Federazioko presidenteorde izandakoa da Ayestaran. Jardunean jarraitzen du gaur egun, Real Sociedad-en hockey saileko ordezkari gisa diharduela.

Foru Aldundiak nabarmendu duenez, sarituaren kirol ibilbidea izugarria da, baina horri gailentzen zaio bere izaera «inkonformista, borrokalaria eta emakumeen kirolarekin oso konprometitua». Denis Itxaso Kultura eta Kirola diputatuaren hitzetan, eredugarriak dira Ayestaran bezalako emakumeak, eta guztiek egiten diote ekarpen garrantzitsua «gizarte justu, berdinzale eta askeago bati».

Carmen Adarraga (Hernani, 1921-2004) emakume aitzindari eta kirolari apartaren izena ezin egokiagoa du sariak. Adarraga, hain zuzen, saskibaloian nabarmendu zen bereziki. Hiru bider izan zen Espainiako txapeldun kirol horretan, eta Espainiako selekzioko kapitaina ere izan zen. Aipagarria da Carmen Adarragak jokatzen zuen taldea Espainiar estatuko onena zen garaietan Gipuzkoan ez egotea gizonezkoz osatutako talderik. Saskibaloian ez ezik, eskubaloian eta belar gaineko hockeyan ere ibili zen Adarraga. Iaz Coro Fuentes atletak jaso zuen emakumeek kirolaren arloan egiten duten ahalegina lehen planora ekartzeko sortu zen saria.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate