Diario Vasco

Errefuxiatuei buruzko zientzia jardunaldia egingo da ostiralean Donostian

  • Besteak beste, errefuxiatuen egungo egoera, harreraren eta elkartasunaren jokabideak aztertuko dira EHUk Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz antolatu duen jardunaldian

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikasle, Enplegu eta Gizarte Erantzukizuneko Errektoreordetzak eta Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak 'Ongi etorri errefuxiatuak. Harrerarako hezten' jardunaldia antolatuko dute ostiralean, abenduaren 2an, 09:00etatik aurrera, EHUko Psikologia Fakultateko areto nagusian, Donostian, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Jardunaldian, besteak beste, errefuxiatuen egungo egoera, harreraren eta elkartasunaren jokabideak eta balioak, lekualdaketa behartuaren alderdi psikosozialak, Kioseko (Grezia) errefuxiatuen egoera, asilo eskubidea, islamofobia eta mugen itxiera moduko gaiak aztertu eta eztabaidatuko dira. Zientzia jardunaldia amaitzeko, Gemma Urteaba bertsolariak bertsoak abestuko ditu. Sarrera irekia izango da.

Lau saio egingo dira, gaiaren adituekin: Agustin Unzurrunzaga (Gipuzkoako SOS Arrazakeria), Peio Garcia Amiano (Zaporeak elkartea), Abdoulaye Gueye (Donostiako Caritasen Laguntza Etxeko aholkulari juridikoa), Sofia Abaitua (CEAR Euskadi), Iñigo Mijangos (Itsas Salbamendua) eta Patricia Insua (EHUko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzua).

Gainera, saioetan izango dira Ainara Arnoso (EHU), Borja Martinovic (Utrecheko Unibertsitatea, Herbehereak), Andrea Bertomeu (Europar Batasuneko Askatasunaren, Segurtasunaren eta Justiziaren Esparruko Oinarrizko Eskubideei buruzko Jean Monnet katedra), Gemma Varona (EHU), Magdalena Bobowiky (EHU), Eva Fülöp (Pazmány Peter Unibertsitate Katolikoa, Hungaria) eta Maitane Arnoso (EHU), besteak beste. Hassana Aalia errefuxiatu politiko sahararrak eta Yahia Koddo errefuxiatu siriar eta EHUko doktoregaiak ere jardunaldian parte hartuko dute.

Halaber, Cristina Martinez, Leire Ciriquiar, Martin Torres eta Leire Izagirre ikasleek, Ikasiker lankidetza beka duen Psikologiako ikasle Janire Arroyorekin eta EHUko Gizarte Psikologia eta Metodologia Saileko irakasle eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kide Ainara Arnosorekin batera, jendaurrean jarriko dituzte duela gutxi EHUn egin den 'Ongi etorri errefuxiatuak' erakusketako bisita gidatuen emaitzak.

Ildo horretan, eztabaidatuko da ikasleek zenbateraino parte hartu duten erakusketa gidatuetan, zenbateraino erakusten dituzten errefuxiatuenganako jarrera positiboagoak eta enpatia, eta zenbateraino ahalegintzen diren giza eskubideen inguruko elkartasun eta konpromisozko balioekin.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate