Diario Vasco

Doktoreen enplegagarritasuna aztergai

  • Doktorego Eskoletako Zuzendarien IV. Biltzarra UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroan egingo da, Donostian, ostegun eta ostiralean

Euskal Herriko Unibertsitateko Master eta Doktorego Eskolak Espainiako Doktorego Eskoletako Zuzendarien IV. Biltzarra antolatu du, doktorego ikasketen kalitatea etengabe hobetzen jarraitzeko xedez. Urteroko biltzarra nahitaezko ekitaldi bihurtu da estatu osoko unibertsitate guztientzat. Aurtengoa azaroaren 3an eta 4an egingo da, ostegun eta ostiralean, UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroan, Donostian.

«Gure unibertsitateak –azaldu du Gabriela Chotrok, UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako zuzendariak– zeregin garrantzitsua izan du biltzar honetan: biltzarraren sustatzaileetako bat izan da, eta Batzorde Iraunkorrean esku hartzen du hasieratik; gainera, aurretik Alcalako, Zaragozako eta Las Palmas Kanaria Handikoko unibertsitateetan eginiko hiru biltzarrak antolatzeko batzordean ere parte hartu du».

Laugarren biltzar honetan estatu osoko 54 unibertsitate publiko eta pribatutako 115 ordezkarik parte hartuko dute, baita Portugalgo eta Andorrako zenbaitek ere. Europa osoko doktorego prestakuntzaren erronka nagusietako bat izango dute aztergai, doktoreen enplegagarritasuna. Hainbat ikuspegitatik jorratuko dute gai hori, etorkizuneko doktoreei enplegu aukerak eta ekintzaile izaera areagotuko dizkien gaitasunak emateko helburua oinarri hartuta. Horrela, balioa emango zaio unibertsitateak tokian tokiko, estatuko eta nazioarteko sare sozioekonomikoari ezagutza eta berrikuntza transferitzeko egiten duen lanari.

«Unibertsitateek behar-beharrezkoa dute –jarraitu du Gabriela Chotrok– eskaintzen diren doktorego programen kalitatea hobetzea. Alde horretatik, biltzar hau oso baliagarria izango zaie, jardunbide egokiak elkarrekin partekatzeko ez ezik, doktoregoan diharduten erakunde agenteekin hitz egiteko».

Biltzarrari hasiera emateko ekitaldia azaroaren 3an izango da, ostegunean, 16:00etan, UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroko entzunaretoan, Donostian.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate