Diario Vasco

Amaia Urkola (Mondeju lehiaketan aurtengo irabazlea): «Sekretu gutxi dago: etxeko jeneroa erabili eta behar den denbora hartu»

Goierrin ospatutako XXII. Ardiki Egunean, Zuloeta baserriko Amaia Urkolak irabazi zuen mondeju lehiaketa. Txapela ez dela etxez aldatu, iaz bere ahizpa zaharrak, Isabel Urkola, izan zelako irabazlea.

- Berriz ere txapeldun; itxaropentsu etorri al zara?

- Behin aurkeztu gero itxaropentsu dago egon beharra. Lehen ere txapelaren esperientzia badaukat, eta horrek konfiantza ematen du.

- Zein da mondeju onak egiteko metodo edo sekretua?

- Sekretu gutxi dago. Guk etxeko jeneroa erabiltzen dugu, eta hori izan liteke oinarria: etxeko ardia, etxeko arrautzak... Eta, gero, behar denbora hartu, eta gainean egon.

- Mondejua puntuatzeko garaian, gauza asko hartzen dituzte kontuan. Hori buruan duzula jarduten al duzu mondejuak egiten?

- Ez. Inolaz ere ez. Nola, ba! Gainera guk, taberna daukagunez, mondeju asko egiten dugu, iaz ahizpak esan zizun moduan. Ikasi dugun eran, amak erakutsita bezala, egiten saiatzen gara. Misteriorik ez dago.

- Osagaien proportzioa nola neurtzen duzu?

-Ahal-iritzira. Gutxi gorabehera. Eskarmentuaz fidatu behar da. Gero, probatzen eta ikusten joan.

- Erabiltzen al duzu tresnarik denbora, tenperatura, gatza, irakina eta abar kontrolatzeko?

- Ez. Horrelakorik ezer ere ez.

- Nori eskaintzen diozu irabazitako txapela?

- Amarengandik hasi eta familia osoari. Familian ikasi dut honetan, eta hark eman didana berati itzul nahi diot.

- Besterik?

- Ardiki Eguna oso festa polita da, herri osoak parte hartzen duena, elkartasun ederrean, eta horri eutsi beharra dago.

Zuloetak badauka

nonbait hor habea,

egiteko mondeju

nahi baino hobea;

etxean baratzea

eta artaldea;

eskulanean berriz

abila jendea,

Amaiak hargatik du

txapel dotorea.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate