Diario Vasco

San Juan ontziaren trinketeko masta Super Amarak babestuko du

Albaolako presidentea, Xabier Agote, eta Super Amarako zuzendaria, Victor Espinosa.
Albaolako presidentea, Xabier Agote, eta Super Amarako zuzendaria, Victor Espinosa. / MENDI URRUZUNO
  • Ontziaren eraikuntzan Albaolarekin batera dihardutenen sarera bildu da banaketaren sektoreko enpresa gipuzkoarra

Beste laguntzaile bat bildu da San Juan baleontziaren eraikuntza ahalbidetzeko osatzen ari den sare zabalari: Super Amara banaketaren sektoreko enpresa gipuzkoarra. 1982an Donostiako Amara auzoan sortua, hiriko beste auzo batzuetara eta Gipuzkoako hainbat herritara hedatu da azken urteetan. Azaldu dutenez, Albaola aurrera eramaten ari den egitasmora bildu izanak zerikusi zuzena du enpresaren gizartearekiko konpromisoarekin.

Albaolak azaldu duenez, bestalde, horrenbeste enpresa eta eragileren babesak «Itsas Kultur Faktorian historia egiten jarraitzea ahalbidetzen du, hots, San Juan baleontzia eraikitzen jarraitzea orain dela 500 urte bezalaxe, eta eraikia izan zen portu berean».

Ontziaren zati garrantzitsu baten eraikuntza babesteaz gain, Super Amarak San Juan baleontziaren proiektua zabalduko du bere bezeroen artean, eta Itsas Kultur Faktoriara gerturatzeko sarrerak zozketatuko ditu bere webgunean, baita 'San Juan baleontziaren lagun txartelak' ere. Txartel hori eskuratzen duenak urtebetez eraikuntzaren jarraipena egin ahal izango du, bertatik bertara.

21 metro uraren gainean

Zehazki, trinketeko masta babestuko du Super Amarak. Ontziak dituen hiru masta bertikaletatik, aurrean dagoena da trinketeko masta. Albaolak hitzarmenaren berri emateko zabaldu duen oharrean argitu duenez, «San Juanaren garaian baziren ehun urte itsasontziek trinketeko masta zutela; hasieran txiki-txikia izaten zen, baina denborarekin handitzen joan zen, eta masta nagusiaren neurriaren 4/5 izaten zuen». San Juan baleontziaren trinketeko mastak 15 metro pasatxo izango ditu; horri mastagaina gehitu behar zaio, 5 edo 6 metroko luzapena. Beraz, multzoa uretatik 21 metrotara altxako da.

Trinketeko mastak bi bela edukitzen ditu; trinketa eta trinketako belatxoa. Gainera, masta honetan lotzen den mastagain nagusiari eusten dion estaia (izen hori soka lodi bati dagokio). Trinketaren buruan gauza astunak altxatzeko lau apareju izango dira, bi baborren eta beste bi estriborren; gauza askotarako balioko dute, baletxalupak deskargatu nahiz ontziratzeko adibidez. Bereziki lagungarriak izango dira aingurak uretik ateratzeko eta ontzian gordetzeko garaian.

Kolaborazio honi esker, Albaolak babesle berri bat du San Juanaren eraikuntzan aurrera jarraitzeko. Dena den, gogoratu dute, eraikuntza ekimena sostengatu nahi duten enpresa eta norbanako guztiek dute esku bat luzatzeko aukera, asmo hori gauzatzeko behar duten informazio guztia Albaolaren webgunean aurkituko dutelarik.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate