Diario Vasco

Sasoi onean dago euskara Donostiako kirol ekarteetan

Artxiboko argazkia, Realeko eta Antiguokoko jubenilen arteko partidua.
Artxiboko argazkia, Realeko eta Antiguokoko jubenilen arteko partidua. / LUSA
  • Hiriko talde esanguratsuenetan ari diren hamar entrenatzailetatik ia zortzi elebidunak dira, Udaleko Euskara Zerbitzuak egin duen azterketaren arabera

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hiriko 18 kirol elkarte esanguratsuenetan diagnostiko bat egin du bertako euskararen errealitatea hobeto ezagutzeko asmoz. Hiriko kirol elkarte horiek 12.000 bazkide eta 6.300 kirolari dituzte, horietatik haur eta gazteak dira gehienak, eta Udalak eremu honetan euskararen erabilera sustatzeko estrategia abian jarri du. Miren Azkarate Euskararen zinegotziak adierazi duenez, «Donostian haur eta gazteen %96ak euskara ezagutzen du, baina horietariko askok euskara gutxitan erabiltzen du eskolaz kanpo (14 urte bitarte %27ak). Kontuan hartuta haur eta gazteek beren bizitzaren %85a eskolatik kanpo igarotzen dutela, berebiziko garrantzia du aisia eta kirola eremuan euskara erabiltzeko aukerak eskaintzea».

Antiguoko KE, Añorga KKE, Askatuak Saskibaloi Taldea, Bera Bera RT, Fortuna KE, Kostkas K.E, Atletiko SS, Donosti Berri elkartea, Egia eskubaloi taldea, Easo Saskibaloi Taldea, Gros Xake Taldea, Groseko Indarra Surf Taldea, Judo Club SS, Internacional Intxaurrondo, Martutene Kirol Elkartea, Donostiako Tenis Elkartea, Real Club Nautico eta Ur Kirolak taldeetan egindako azterketak elkarteen osaera eta funtzionamenduari dagozkien atalak aztertu ditu: zuzendaritzaren hizkuntza-profilak, hizkuntza pasaia, komunikazio hizkuntzak eta abar.

Zuzendaritzaren hizkuntza profilari dagokionez, 11 kirol elkarteetan zuzendaritza kideen erdia euskal hiztunak dira, 10 kirol elkarteetan idazkaria euskalduna dute eta 6 kirol elkarteek euskara arduradun bat dute.

Hizkuntza paisaia ere zaintzen dute, eta elkarte gehienek esku orriak, iragarpenak emailak eta eskutitzak ele bietan egiten dituzte, 12 elkarteetan telefonoa harrera euskarazkoa da eta web orria ele bietan dute 9 elkarteetan.

Ezagutzak ez du bermatzen erabilera

Bestalde diagnostikoak uzten duen daturik azpimarragarriena entrenatzaile elebidunen kopuru altua da, %75a, 409 entrenatzailetik 315 elebidunak baitira. Azkarateren esanetan «datu hauek positiboak dira eta ikusten da kirol klub hauek oro har entrenatzaile ele bidunak kontratatzeko joera badutela, nahiz eta batzuetan, zenbait kirol espezializatuetan, entrenatzaile ele bidunak aurkitzeko zailtasunak dituzten oraindik».

Hala ere, Euskararen ezagutzak baina ez du bermatzen entrenamendua euskaraz izatea edota euskara maiztasunez erabiltzea. Miren Azkaratek diagnostikoak errealitate hori agerian uzten duela adierazi du. Honen zergatiak ematerakoan hainbat arrazoi daudela dio «kirol klubean euskara entrenamenduetan erabiltzeko irizpiderik ez izatea, elkartearen eta entrenatzaileen hizkuntza ohiturak, entrenatzaileek kirola gazteleraz egin izana txikitatik, zenbait haur eta gazteen gazteleraz aritzeko joera eta abar».

Bestalde, entrenatzaileen hizkuntza profila eta haurrekin harremanerako erabiltzen duten hizkuntzari buruzko datuak jasotzeko lagin bat hartu da: 6 kirol taldeko 50 entrenatzaileren iritziak eta datuak jaso dira.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate