Diario Vasco

Eskola txikien festak badu logoa

Eskola txikien festak badu logoa
  • 43 logo desberdinen artean aukeratu dute Zestoako Arroabean egingo den festa iragarriko duen irudia

Urratsez urrats, udaberriaz gerztik ari dira prestatzen 2017ko ekainaren 11an Arroabean egingo den Gipuzkoako Eskola Txikien Festa prestatzen. Aurreneko lanetako bat festako logoa aukeratzea izan da, eta badute honezkero hurrengo hilabeteetan jaia iragarriko duen irudia, eskolako guraso batek egina.

Antolakuntzatik bidali duten oharrak dioenez, «Zestoako herria murgilduta dagoen Herri Hezitzailearen proiektuaren baitan burutu da aukeraketa prozesu guztia. Hasieratik garbi izan baitugu horrelako prozesu batean ezinbestekoa dela gure haurren eta orokorrean auzotar guztien parte hartzea bermatzea. Azken finean, gure haurrak beste auzotar batzuk gehiago direlako eta elkar partekatzeko asko daukagulako. Zer esanik ez, beraiek protagonista nagusi diren egun baten inguruko kontuetan».

Hala, 43 proposamen desberdin jaso dituzte marrazkiak aurkezteko epea zabalik izan den bitartean. Eskolan bertan izan dituzte ikusgai, eta azken erabakia auzoko gazte, edadetu, eta eskolako ikasle, irakasle eta gurasoen ordezkarien artean osatutako epaimahai batek hartu du. Azkenean aukeratutako Logoa eskolako guraso batek egina da. «Kolore anitzeko logoa, gu bezalaxe, non gure haurrak diren bertako protagonista nagusiak. Jatorri, kultura eta genero desberdinetako haurrak elkarri bizkarretik helduta zoriontsu jolasean, modu parekide, integratzaile eta kooperatibo batean. Gure herriaren nortasuna eta kultura oinarri, naturarekin harreman zuzenean kulunkatuz egunero. Urteak joan eta urteak etorri, hara eta hona, mugimendu etengabean, BIZIRIK eta era berean euskarri sendo batekin. "Gure umeak ardatz izanda Eskola Txikiak Bizirik da gure oinarria. Eskola Txikiak herri eta auzoetako zutoi nagusi garela adierazi nahi dugu» azaldu du logoaren egileak.

Batzorde desberdinak buru-belarri ari dira honezkero lanean, «besteak beste, aukeraturiko logoa oinarri, kamiseten salmentak prestatzeko lanetan». Antolatzaileen asmoa da azarorako kolore desberdinetako kamiseta eta sudaderak salgai jartzea.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate