Diario Vasco

Zentsura kasua

Bada hor leienda zahar bat esaten duena patata tortillaren sorreran zerikusia izan zuela Tomas Zumalakarregi buruzagi karlistak. Batzuek esaten zuten jeneralak berak, mantala jantzi eta Bilbo setiatzen ari zela asmatu zuela jaki goxo hau. Beste bertsio baten arabera, Zumalakarregik ikasi zion errezeta Nafarroako emakume edadetu bati; oso gauza gutxi omen zituen jenerala handik pasatu zenean, baina bazituen patata eta arrautzak behintzat eta, halaxe, estutasunetik nola edo hala atera nahian jaki preziatua sortu zuen. Leienda bat besterik ez da.

Orain, kongresu honetako aldizkarian, hara non ikusi dudan bertako erakunde erakusleetako batek, Badajozko Diputazioak, beste bertsio bat aipa-tzen duela, berari komeni zaiona, jakina. Alegia, gure bisitari hegoaldetar horiek Villanueva de la Serena hartzen dute patata tortillaren jaioterritzat.

Javier López Linaje CSICeko zientzialariak liburua atera zuen orain zortzi urte: ‘La patata en España: historia y agroecología del tubérculo andino’. Bertan esaten duenez, XVIII. mendean sortu zen tortilla, eta bi guraso izan zituen, biak ala biak Badajozko ilustratuak: Joseph de Tena Godoy eta Robledoko Markesa. Nahi zuten gosetekin bukatu eta, zer asmatuko eta horixe asmatu.

Harrigarria, ezta? Eta hemen zergatik ez genekien ezer López Linajeren liburuaz? Ezin izango zuen pasa Ebro ibaiko aduana.

Guretzat, politago beti etxeko leienda Badajozko edozein bertsio baino.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate