Diario Vasco

Dena gertu ikastolen festa handirako

vídeo

Artxiboko argazkian, asteburu honetan erruz entzungo den 'Demasa' abestiaren jendaurreko aurkezpena, Aritz Alustiza eta ikastolako ikasleen eskutik. / JAVIER RUDMAN

  • Bergara prest dago igande honetan Kilometroak 2016 hartzeko, eta eguraldiak ere hobera egingo duela iragarri dute

Iritsi zaie Aranzadi Ikastolari eta Bergarako herriari hilabete askotako lanaren emaitza jasotzeko unean. Kilometroak 2016aren atarian, dena gertu dute herritarrek zein bertaratuko diren milaka lagunek egun bikaina igaro dezaten, eta ikastolak festaren antolakuntza bere gain hartu zuenean finkatu zituen helburuak bete ditzan.

Bergarako Udalak eta Aranzadi Ikastolak horixe bera adierazi dute festaren bezperatan zabaldu duten ohar batean: «Bergarara etortzen diren pertsona guztiei ondo pasatzeko deia luzatu nahi diegu. Kilometroak ospatzeko jaiak dira eta disfrutatzeko diren jai hauetan bizikidetza, aniztasuna, berdintasuna eta errespetua zaintzea eskatu nahi diegu bergararrei eta kanpotik datozen guztiei».

Euren aldetik, azpiegitura ahalik eta egokienak eta gehienbat goiz eta eguerdi partean gauzatuko den egitarau ahalik eta erakargarriena prestatu dituzte, baina parte-hartzaileek ere hartu behar dituzte kontuan zenbait gomendio festa biribila izan dadin. Besteak beste, garraioari dagozkionak, etengabe ari baitira esaten garraio publikoa edo bizikleta hobetsi behar direla auto partikularraren aldean. Gipuzkoako beste eskualde batzuetatik bertaratuko direnei gogoratu diete Lurraldebusek ohiko zerbitzuez gain, zerbitzu bereziak eskainiko dituela eta geldiune bakarra izango duela, Ibargaraiko geltokia, gainontzeko geltokietan ez delarik zerbitzurik egongo.

Autoz datozenek Amillaga aldean izango dute aparkalekua, Bergara iparraldean. Bertako aparkalekuak betetzean, Elgeta bideko Larramendi industrigunera bideratuko dituzte, bertatik zirkuitura autobus lanzaderetan jaisteko.

Zirkuituari dagokionez, ia 5 km ditu eta oso urbanoa da. Aipagarria da, Aspacerekin egin duten lanari esker, gurpildun aulkian ere egiteko modukoa izango dela. Bestalde, zirkuitu alternatibo bat ere izango da, Bergarako Udalarekin landu dena. Hau, aldapatsuagoa izango da, mendi bidea da, baina Bergara goitik ezagutzeko aukera ematen du.

Hiru sarrera izango ditu zirkuituak. Bi muturretan, Labegaraietan eta Matxiategin, eta beste bat ohiko autobus geltokian.

Guneak bost izango dira, herrigunean banatuta: Ikastola, Espoloia, Labegaraieta, Matxiategi eta Azoka. Berezia da Espoloi ondoko Arrizuriaga parkea. Haurrekin egindako parte hartze prozesu baten bitartez, Blai-blai prozesuaren bitartez, haurrek eurek diseinatu dute gunea.

Hainbat zerbitzu eskainiko dituzte zirkuituan zehar. Ohiko txosna eta eskaintzetatik aparte, aurten, Lur-lan baserritar elkarteak bertako baserritarren produktuekin egindako bazkaria emango du Azokako jantokian.

Eguraldiari dagokionez, larunbatekoa petral samarra bada ere hobera egingo du igandean. Euskalmeten iragarpen bereziaren arabera, eguna lainotsu hasiko da, baina orduak pasa ahala eguzki tarteak zabalduko dira, gero eta zabalagoak. Tenperatura 21 gradura helduko da, baina ez du batere berorik egingo aurreneko orduetan.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate