Diario Vasco

Eskola Txikien festa haundia Gabirian

Antolatzaile eta agintariak, taula gainean festa hasieran.
Antolatzaile eta agintariak, taula gainean festa hasieran. / MURUA
  • 'Eskola txikiak bizirik' eta 'Eskolarik ez daukan herriak etorkizunik ez' lemapean ospatu zen

Atzo ospatu zen Gabirian Eskola Txikien Festa Balentzategi Herri Eskolako irakasle, ikasle eta gurasoek antolatuta. Orain dela urtebete festa hori antolatzeko lekukoa hartu zutenetik, makina bat lan egin behar izan dute eskolako irakasle, ikasle eta gurasoek eta atzo egun osoan zehar ikusi ahal izan zen lan horren guztiaren emaitza. Bestalde, kontuan izan behar da ez dela lehenengo aldia Gabiriak festa hori antolatzen duena; izan ere, 1991. urtean ere Gabiriari egokitu zitzaion festa hori antolatzea.

Goizeko hamar eta erdiak aldera egin zieten ongi etorria Balentzategi herri eskolako arduradunek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunei, Eskola Txikiak dituzten herrietako udal agintariei eta, nola ez, Gipuzkoako Eskola Txikien elkartea osatzen duten hogeita zortzi eskoletako zuzendari, irakasle eta gurasoei. Balentzategi herri eskolako gurasoen ordezkarial egin zuen agurra eta argi utzi zuen Eskola txikiek herri txikiek bizirik iraun dezaten duten garrantzia. Ondoren, Balentzategi eskolako zuzendariak eta Hezkuntza Saileko ordezkariek hartu zuten hitza eta guztiek ere nabarmendu nahi izan zuten Eskola txikiek herri txikietan, oztopoak oztopo, egiten duten lana eta, aldi berean, babesa eskaini zieten lan honetan jarrai dezaten, hezkuntza delako herri baten etorkizuna eta herrigintzaren oinarritzat hartu zuten gaur egun Eskola txikiak burutzen ari diren lana.

Hitzaldien ondoren, Goruntz dantza taldekoek zinta dantza eskaini zuten eta bertso eskolako haurrek ere hartu zuten parte. Azkenik, Ikaztegietak hartu zuen Gabiriak iaz hartu zuen lekukoa.

Hitzaldien ondoren, herrian zehar prestatu ziren lau guneetan hainbat ekintza burutu ahal izan zituzten herri txikietako eskolaumeek eta horietako bi gune herriko hainbat lanbideri eskaini zitzaizkien. Ekintza horiek guztiak burutzeko denboran eguraldiak eutsi bazion ere, ordu bata aldera gogor eraso zion ekaitzak eta jendeak babestu beharra izan zuen herriko taberna eta elkarteetan. Eguerdiko ordu biak aldera, herri guztietako guraso eta ikasleak, aurrez izena emanda zutenak, jakina, bazkaltzeko elkartu ziren ekintza horretarako futbol-zelaian jaso zuten karpan eta bazkariaren ondoren, Zirkuaz, apar festaz eta Salda Badago taldearen kontzertuaz gozatu ahal izan zuten bertaratu ziren guztiek.