1.318 azterketari saiatuko dira C1 eta C2 mailak deialdi irekian egiaztatzen

Artxiboko argazkian, HABEk antolatutako azterketa bat. / LUSA

Guztira, 3.102 pertsonak eman dute izena lehen aldiz bi maila altuenak barne hartu dituen deialdi irekian, eta 3.976k deialdi itxian

"Oso harrera positiboa" jaso dute, HABEren ustez, helduen alfabetatze eta euskalduntzearen ardura duen erakunde publikoak euskera maila egiaztatzeko egindako deialdi irekiek. Azterketa ireki horietan parte hartzeko, alegia, ez da beharrezkoa euskaltegi batean matrikulatuta egotea, eta ezarritako baldintza orokorrak betetzearekin nahikoa da.

Guztira, 3.102 azterkarik hartuko dute parte B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatzeko deialdietan. Gogoratu behar da aurten, lehen aldiz zabaldu direla deialdi irekiak maila altuenetara, C1 eta C2 mailetara.

HABEko zuzendari Jokin Azkuek azaldu duenez, "helburua da ahalik eta erraztasun gehien ematea euskara ikasten ari direnei edo beren euskara maila egiaztatu nahi duen edonori. Deialdi irekia iaz egin zen lehenengoz, B1 eta B2 mailetarako, eta aurten C1 eta C2ra zabaldu dugu. Uste dugu bide luzea izango duela deialdi irekien adar berri honek".

Aurreneko saio honetan, erantzuna ez da batere txarra izan, 1.037 pertsona saiatuko baitira EGAren parekoa den C1 maila gainditzen eta 281, berriz, C2 egiaztatzen. Maila altuenari dagokion ziurtagiria lortu nahi dutenen ia erdiek -141ek- Donostian egingo dute azterketa. Gutxiengoa dira, edonola ere, eskakizun-maila handieneko probara aurkeztuko direnak. Azterketari multzo handiena, 1.340 pertsonakoa, B2rako probetara aurkeztuko da, eta ez dabiltza urrun C1 maila egiaztatu nahi dutenak, 1.037 baitira. B1 maila apalenari dagozkion probak, berriz, 444 lagunek egingo dituzte.

Deialdi irekietako probak urriaren 21a eta abenduaren 2a bitartean izango dira, Barakaldoko BECen, Donostiako Luberri institutuan eta Gasteizko Mendebaldea institutuan. Bizkaian 1.732 pertsonak egingo dituzte probak, Gipuzkoan 674k eta Araban 696k. Emaitza orokorrak abenduaren 13an jakinaraziko zaizkie azterketariei.

Bestalde, 2017ko HABEko bigarren deialdi itxian 3.976 ikaslek hartuko dute parte, guztiak euskaltegietako ikasleak. Bigarren deialdi honetan B2, C1 eta C2 mailak egiaztatu ahal izango dira. Kasu honetan, 1.378 azterketarik eman dute izena B2 egiaztatzeko; 2.396k, C2 egiaztatzeko; eta, azkenik, 202k, C2 egiaztatzeko. Aurtengo lehenengo deialdi irekian 7.721 ikaslek eman zuten izena: 3.218 ikaslek B2 maila egiaztatzeko; 4.419k, C1erako; eta 354 azterketarik C2rako.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos