Borrar
Miley Cyrus, 2013ko kontzertu batean, famatu egin duen postuan.
'Twerking'-a ez du Miley Cyrusek asmatu

'Twerking'-a ez du Miley Cyrusek asmatu

Ingelesezko hiztegi nagusira eraman duten honetan, aditz hori erabili zuen lehena Mary Shelly idazlea izan zela azaldu dute. Alde ederra...

m.i.

Lunes, 29 de junio 2015, 13:01

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Hiztegi guztiek daukate eguneratu beharra, hizkuntzak ez baitira bere horretan gelditzen diren fosilak, hiztunen beharren eta sorkuntza gaitasunaren arabera aberasten diren izaki dinamikoak baizik. Hiztegi arau-emaileetara iristeko, noski, -RAE-ren hiztegira edo Euskaltzaindiaren Hiztegi Batura, kasu-, bide luzea egin behar izaten dute hitzek. Oxford University Press duela mende eta erdi argitaratzen hasi zen OED (Oxford English Dictionary ingelesaren erreferentziazko hiztegira iristeko ere baxe xehetik igaro behar dute.

Hiztegi hori maiztasun handiz eguneratzen dute, mundu osoko 'ingeleskiak' aintzat hartuta eta, nola ez, ezarpen geografikorik gabeko mundu birtualean sortu eta hedatzen dena ere bai. Joan den astean zabaldu zuten ekaineko hitz-labekada berria. 500 termino berri hiztegiratu dituzte guztira. Horietako askok, ohi denez, bolada luze samarra zeramaten ODO (Oxford Dictionaries Online) delakoan; paperezkora heldu aurretik igaro beharreko sareko purgatorio halakoan, alegia.

Batzuek ika-mika eta guzti egin dute jauzia. Adibidez, 'twerk' terminoak, 'twerking' formapean ezagunagoa denak. Hitza baino ezagunagoa da oraindik Miley Cyrus kantari estatubatuarrak orain dela urte batzuk, Hannah Montana izateari utzi eta rol probokatiboagoa hartzea erabaki zuenean, modan jarri zuen mugimendu sorta. Aldakak astintzean eta, tarteka, gerria doblatu, makurtu eta ipurdia eskaintzen datza horren funtsa. 2013an, hitza sareko hiztegira eraman zutenean, honela definititu zuten, gutxi gorabehera, 'twerk' aditza: Musika herrikoia modu sexualki probokatzailean dantzatzea, aldakak indarrez astinduz eta tarteka makurtuz. 'Perrea, perrea' izango litzateke 'twerk, twerk'-en gaztelaniazko ordaina. Euskaraz, 'txakurtu, txakurtu' baten baino gehiagoren arrastoa aurki daiteke interneten, nahiz eta 'txakurtu'-ri (Hiztegi Batuan ez dago, baina beste batzuetan bai), RAE-renean 'perrear' aditzari gertatzen zaiona gertatzen zaio: egon badaude, baina beste adiera batekin.

XIX mendeko aditza

Ingelesez, sareko ODOtik paperezko ODEra igarotzeko, makina bat lan eman du terminoak; azkenean, aurkikuntza bat ere egin dute: aditza ez da berria, ezta Miley Cyrusek asmatua ere. Hain zuzen ere, Mary Shelley idazleak erabili zuen estreinakoz, 1820an idatzitako eskutitz batean. Frankensteinen amak 'twirk' formapean erabili zuen, eta ikerketa egin dutenek uste dute 'twitch' eta 'jerk' aditzak (ñabardurak ñabardura, 'astindu' izan liteke bien itzulpena). Beraz, gaur egun hedaduta dagoen grafia hobetsi badute ere, azkenean XIX mendeko emakume batek eraman du XXI batek bere egina zuen meritua. Cyrusek agertokietako tenperatura areagotzeko erabiltzen du aditza, Mary Shelleyk alemanen idazkeraz itauntzeko erabili zuen. Diferentzia bakarra ez da grafia, beraz...

Hiztegira heldu diren beste hitz askoren artean -txanda honetan toki zabala eskaini diete Australian mintzatzen den ingelesetik hartutakoei-, teknologia eta ohitura berriei lotutako hainbat terminorekin batera ('selfie'-ren ondoren, 'selfie stick' edo autoargazkiak egiteko makiltxoa sartu da hiztegian, adibidez), bada bat oso hedatua: bae hitza. Iaz urteko hitza bilakatzeko zerrendan azken momentura arte egon zen (hautatua vapeizan zen, zigarreta elektronikoak erretzea alegia). Ingelesa eguneratuta eduki nahi izanez gero ikasi beharrekoa den terminoa gaztetxoen artean omen dago nagusiki oso zabaldua. Neska- edo mutil-laguna izendatzeko erabiltzen dute eta nola ez, sare sozialetatik eta abestien letretatik heldu da hiztegira.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios