Zaurgarritasun egoeran, autoenplegua izan daiteke irteera

Enpresa berri gehienak zerbitzuen arloan sortu dira.
Enpresa berri gehienak zerbitzuen arloan sortu dira. / Caixa Gizarte Ekintza

Incorpora ekimenaren bitartez, 50 mikroenpresa sortu dira EAEn La Caixa Gizarte Ekintzaren laguntzarekin

La Caixa Gizarte Ekintzaren Incorpora gizarteratze programaren erabiltzaileen artean ekintzailetasuna sustatzeko laguntzek 50 mikroenpresaren sorrera ahalbidetu dute EAEn azken urte eta erdian, erakundeak ohar baten bidez nabarmendu duenez.

Ekimena 2016 urtean jarri zen martxan, eta orduz geroztik 42 Incorpora puntu ireki dira Espainiar estatuan. Horien helburua da zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen artean autoenplegua sustatzea eta bestela lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituztenei baliabideak eskaintzea euren buruaren eta lanaren jabe bihur daitezen. Puntu horietan 5.102 pertsona izan dira artatuak. Denek ez dute oraindik urratsa egin, baina dagoeneko 1.350 mikroenpresa eta 1.448 lanpostu sortu dira. Ekintzaileen artean %46 emakumeak dira eta %54 gizonezkoak. Jarduera berriak zerbitzuen (%64) eta merkataritzaren (%29) arloetan abiatu dira nagusiki.

EAEren kasuan, bertan kokatutako Incorpora puntuak Bilboko Elizbarrutiko Caritasek eta Sartu Gipuzkoak kudeatzen dituzte, eta bien artean 329 pertsona atenditu dituzte orain dela urte eta erdi zabaldu zituztenetik. Orain arteko emaitza bikaina da, 50 mikroenpresa sortu baitituzte.

Puntu horietan dauden teknikariak autoenpleguan espezialistak dira. Horien esku dago ekintzaileek euren egitasmoa aurrera ateratzeko behar duten prestakuntza eta aholkularitza. Negozioaren sendotzea bermatzeko, hurbileko jarraipena egiten zaie enpresa guztiei. Bestalde, jarduera abian jartzeko behar duten finantzazioa ere errazten zaie, CaixaBankena den MicroBank mikrofinantzeetan espezializatutako bankuaren bidez.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos