Saltoki handietan, salmenta gehiago eta langile gutxiago

Erosketa-orga gainezka azalera handi batean. / DV

EAEko merkataritza azalera handietako eta elikadura kate handietako langileen kopurua %0,1 murriztu zen joan den ekainean, eta salmentak %4,3 igo ziren

Kontsumitzaileen ohiturak aldatzen ari direla eta hurbileko denda txikietara itzultzen ari direla esaten bada ere, ez dirudi aldaketa horiek kalte handirik egiten dietenik zentro berriak irekitzen jarraitzen duten komertzio handiei. Izan ere, Eustatek astelehen honetan plazaratu dituen datuen arabera, merkataritza azalera handietako eta elikadura kate handietako salmentak %4,3 igo ziren ekainean.

Argitu behar da azalera handiko establezimendutzat jotzen direla 2.500 metro karratuko azalera edo hortik gorakoa duten establezimenduak, eta elikagai-katetzat jotzen direla gutxienez hiru lokal dituzten (azalera handikoak barne hartuta, edukitzekotan) eta 100 langiletik gora dituzten enpresa guztiak.

Bada baldintza horiek betetzen dituzten saltokietan salmentek %4,3ko urte arteko igoera izan zuten joan den ekainean, lan egutegiko baldintza homogeneoetan eta prezio finkoetan. Maiatzaren aldean, berriz, salmentak %0,6 igo ziren urtaro eraginik gabe, Eustatek osatutako indizearen arabera.

Gehikuntzak EAEko hiru lurraldeetan izan ziren ekainean: Bizkaian %4,9koa, Gipuzkoan %3,8koa eta Araban %3,4koa. Halaber, azalera handietako eta elikadura kate handietako elikagaien salmentek %3,9ko gehikuntza izan zuten, eta gainerako salgaienek %5,1ekoa.

Bestalde, urteko lehen sei hilabeteetan, azalera handietako eta elikadura kate handietako salmentak %2,0 igo dira, aurreko ekitaldiko aldi beraren aldean, lan egutegiko termino homogeneoetan eta prezio finkotan. Epe horretan, azalera handietako eta elikadura kate handietako elikagaien salmentak %2,3 igo dira, eta gainerako produktuenak % 1,6.

Lurraldeen arabera, Araban, urteko lehen seihilekoan azalera handietako eta elikadura-kate handietako salmentak %1,1 igo dira prezio finkoetan eta aurreko urteko aldi berarekin alderatuta; Bizkaian, berriz, %2,2 igo dira, eta Gipuzkoan %2,1.

Azkenik, EAEko merkataritza azalera handietako eta elikadura kate handietako langileen kopurua %0,1 murriztu zen joan den ekainean, maiatzeko datuekin alderatuta, urtaro eraginik gabe.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos