Lankidetzan jardungo dute Siemens Gamesak eta Jaurlaritzak

Siemens Gamesaren logoa /REUTERS
Siemens Gamesaren logoa / REUTERS

Industria eolikoaren lehiakortasuna bultzatzea da 2020 urtera arte indarrean egongo den akordioaren xedea

Euskadiko energia eolikoaren garapen industrial eta teknologikoa bultzatuko duten proiektu estrategikoak garatzeko lankidetza akordioa sinatu dute Markus Tack Siemens Gamesako kontseilari delegatuak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak. Akordioa 2020ra arte egongo da indarrean, eta urtez urte luzatu ahal izango da handik aurrera.

Akordioa sinatu aurretik, Tapiak eta Tackek bilera egin dute, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Enrique Pedrosa SGRE Onshore Europako Hegoalderako eta Afrikako delegatuarekin batera.

Hitzarmenak lankidetzarako bost arlo estrategiko biltzen ditu: hornidura katea, aerosorgailuen osagaien digitalizazioa, aerosorgailuen osagaietarako saiakuntzak, prestakuntza eta 4.0 industriari eta digitalizazioari lotutako start up enpresekiko lankidetza.

2017ko datuen arabera, Siemens Gamesak 770 hornitzaile baino gehiago ditu, 420 milioi euroko erosketa bolumena dauka euskal hornitzaileei egindako erosketetan, konpromiso sendoa du tokiko hornitzaileekin, eta eskualdeko trakzio enpresa nagusietako bat da. Hori dela eta, hornitzaileen kudeaketa aurreratuko proiektuak bultzatzean, hornidura katearen etengabeko hobekuntzan eta aerosorgailuen diseinuan hasieratik inplikatzean datza akordioaren alderdietako bat.

Halaber, akordioaren bidez, aerosorgailuen osagaien digitalizazioa eta aerosorgailuen inguruko soluzioak sustatuko dira. Turbinek informazio kantitate handia sortzen dute, eta portaerak aurreikusteko erabil daiteke. Era horretan, diseinuak optimiza daitezke energiaren produkzioa eta errendimendua maximizatzeko. Zehazki, digitalizazioak honako hauen inguruko soluzioak landuko ditu: sensorika, monitorizazioa, big data analytics eta zibersegurtasuna.

Windbox zentroa

Halaber, Siemens Gamesa enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioari esker, aerosorgailuen osagaietarako saiakuntzekin jarraitu ahal izango da Windbox zentroko saiakuntza bankuetan. Windbox Euskadiko fabrikazio aurreratuko lehen zentro eolikoa da.

Gainera, lankidetza publiko-pribatuak euskal industria eolikoaren premia espezifikoei erantzuteko prestakuntzako eta praktiketako programen garapena erraztuko duten lankidetza akordioak sustatuko ditu unibertsitateekin eta euskal berrikuntza zentroekin. Arlo estrategiko horren bidez, konpainiak bere ezagutzak eskainiko dizkie gazteei unibertsitate ikasketen eta lanbide heziketaren hasierako faseetatik.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako start up enpresen programan eta ekimenetan parte hartuko du Siemens Gamesak, hala nola Bind 4.0 programan. Hortaz, konpainia enpresa ekimen berrien parte izango da 4.0 industriari eta digitalizazioari lotutako jarduerak egiten dituzten start up enpresekiko lankidetzaren bitartez.

Siemens Gamesaren egoitza korporatibo globala eta energia eolikoko on shore negoziorako egoitza Zamudion daude, Bizkaian. Konpainiak biderkagailuak egiten dituzten bi fabrika ditu Euskadin, bata Asteasun (Gipuzkoa) eta bestea Mungian (Bizkaia). Horiez gain, bost bulego eraikin ditu, baita I+Geko zentro bat ere Zamudioko Zientzia eta Teknologia Parkean.

Bestalde, Siemens Gamesak energia eolikoaren berrikuntza eta hari lotutako prestakuntza bultzatzen ditu Euskadin hainbat unibertsitate eta zentro teknologikorekin dituen akordio eta lankidetzen bitartez, eta aktiboki parte hartzen du enpresa elkarte nagusietan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos