Industria 4.0rako jauzian ere behar du tokia euskarak

Alexander Arriola eta Rober Gutierrez, saioaren aurkezpenean./
Alexander Arriola eta Rober Gutierrez, saioaren aurkezpenean.

Bai Euskarari Elkarteak antolaturiko ekitaldian Alexander Arriola SPRIko zuzendariak azaldu die bertaratuei zer den "Alemaniatik datorren iraultza"

Gizartean eta enpresa munduan horrenbeste entzuten ari garen Industria 4.0 gaiari buruzkoa izan da Bai Euskarari Elkarteak antolaturiko Enpresarean Foroaren azken saioa. Gaur eta bihar Donostiako Kursaalen 2.000 lagunetik gora bilduko dituen 'Basque Industry 4.0' biltzarraren atarian, mota eta egoera desberdinetako enpresak ordezkatzen dituzten hainbat profesional hurbildu dira Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikora 'laugarren iraultza industriala' eta paradigma digital berria ezagutzera. Bertan izan dira, besteak beste, Mutualia, Ibermatica, Kautenik, Beterri-Buruntzako Udalak, Manahmana, Elhuyar Aholkularitza eta Ceit-IK4ko ordezkariak.

Bai Euskarari Elkartearen Enpresarean proiektuaren zati bat da Foroa, enpresen eta profesionalen arteko hausnarketa eta elkarrekintzarako gunea. Formulari dagokionez, adituak aritzen dira lehenik gai jakin baten unguruan, eta ondoren elkarlana bideratzeko topagunea abiarazten da.

Azken Foroan, Donostian gaiaren inguruan egingo den biltzarraren atarian, Alexander Arriola SPRIko zuzendari nagusiak Alemaniatik datorren iraultza aurkeztu du eta EAEk garatu duen estrategiaren ezaugarriak azaldu ditu. Sei bat urte pasa dira Industria 4.0 kontzeptua munduan estreinakoz erabili zenetik. Ordutik hona, mundu osora zabaldu den kontzeptu honek hainbat deskribapen berenganatu ditu: laugarren industria-iraultza, fabrikazio aurreratua, industria adimenduna edota ziber-industria, besteak beste.

Saiakera berezia txiki eta ertainetan

Fokoa Euskal Herri mailan jarrita, Arriolak adierazi du "lankidetza, konexioak eta digitalizazioa" beharrezkoak direla tamaina ezberdinetako enpresak garatu ahal izateko. Enpresa txiki eta ertainetan saiakera berezia egin behar dela nabarmendu nahi izan du, iraultzara gehitzeko laguntza behar dutelako; ildo horretatik, zuzendaritzaren inplikazioa eta langileen formazioa arlo teknologikoan ezinbestekoak direla azpimarratu du SPRIko zuzendari nagusiak. Gainera, enpresei laguntza eskaintzeko martxan duten programa aurkeztu du, 'Basque Digital Innovation Hub' delakoa.

Adibide moduan, Industria 4.0 aroan barneratu diren hiru enpresen adibideak ekarri ditu Enpresarean Forora: Ibarmia, Erreka eta Zumaiako GKN. Guztiek baieztatu dute teknologia berrien garrantzia eta horietara egokitzeko beharra, balio erantsia gehitzea helburu izanik.

Errobotizazioaren gaia ere atera da aretoan eta nahiz eta batzuek langileen etorkizuna zalantzan jartzen duten, Arriolak pertsonen indarrean eta beharrean sinesten duela adierazi du; izan ere, industriaren oinarrian pertsonak ezinbestekoak dira eta izango dira, baita etorkizunean ere.

Bukatzeko, euskara eta industriari buruz aritu dira, hizkuntzaren egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak identifikatu nahian. Zuzendariak azaldu du badaudela hutsuneak industriako euskarazko hiztegi teknikoan eta askotan zailtasunak dituztela industria alorreko harremanak euskaraz garatzeko. Puntu horretatik abiaturik, azaldu du SPRI barruan euskarazko glosario bat prestatzen ari direla, industria 4.0rako jauzia euskaraz ere egin dadin.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos