18 ikasle gazte itsasoratu dira hegaluzearen kanpainan

Hegaluze deskarga abuztuaren hasieran Getarian./Michelena
Hegaluze deskarga abuztuaren hasieran Getarian. / Michelena

Eusko Jaurlaritzak egitasmo berezia jarri du abian bigarren urtez, belaunaldien arteko ordezkapena bermatzen saiatzeko

'Itsasoratu' ekimena jarri du abian bigarren Eusko Jaurlaritzak, gazteak arrantzara erakartzeko eta, horrenbestez, arlo horretan kolokan dagoen belaunaldien arteko ordezkapena bermatzeko, itsasoko bizimodu gogorrak ez baitu gazte askorik erakartzen ontzietatik jaisten diren arrantzale beteranoak ordezkatzeko.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Leandro Azkuek zehaztu duenez, hegaluzearen kosteran 18 ikasle gazte itsasoratu dira aurten ekimen horri esker. Egitasmoa, hain zuzen, Bermeo, Ondarroa eta Pasaiako itsas eta arrantza eskoletako ikasleei zuzendu zaie, pizgarriak eskaini zaizkielarik euskal flotako ontzietan hilabeteko praktika aldia egin dezaten.

Iaz izan zuen aurreneko urtea egitasmo berezi honek, eta 6 gazte erakarri zituen. Aurten, bigarren edizioan, hirukoiztu egin da parte-hartzaileen kopurua. Azkuek esan du oso garrantzitsua dela sektorearen ikuspegitik gazteei erakustea aurrera begira ogibide bilaka daitekeela arrantza, eta bereziki aipatu du kanpotik etorritako pertsonen ekarpena, batez ere senegaldarrena.

Egitasmoari buruzko datuak emateaz gain, adierazi du martxa onean doala aurtengo kostera. 2.000 tona inguru hegaluze hartu dira honezkero, eta ez da aparteko arazorik izan, nahiz eta ikusi diren euskal kostaldetik gertu Irlanda eta Frantziako ontziak, arraste-arrantza pelagikoa praktikatzen dutenak. Hori dela eta, Leandro Azkuek eskatu dio Arrantza Ministerioari "jarri dezala ordena" arrantza-jarduera horietan, aipatu flotek egiten dituzten deskarteak ekiditeko.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos