Higiezinen negozioan zuen presentzia murrizten jarraitzen du Kutxabankek

Artxiboko argazkian, ehunka etxebizitzako sustapena.
Artxiboko argazkian, ehunka etxebizitzako sustapena. / AFP

2012. urtean sortu zenetik 4.700 milioi eurotan txikitu du, eta azken urtean beherakada %11koa izan da, guztizko murrizketa %70koa izan delarik

Kutxabank etengabe joan da higiezinen negozioan zuen presentzia murrizten 2012 urtean talde gisa sortu zenetik. Hala, azken bost urteotan 4.700 milioi euro baino gehiago murriztu du esposizioa, eta negozio-alor honi lotutako aktiboetan duela bost urte zituen 7.000 milioietatik 2017ko ekainaren amaieran zituen 2.300 milioietara pasa da, %70eko murrizketa eginda.

Prozesu horretan, erabakiorra izan zen 2014. urtean Neinor higiezinen filiala Lone Star etxeari saldu izana. Kutxabankek ohar baten bidez gogoratu duenez, "operazio honetan, bide batez, 900 milioi euroko balioa zuten higiezinen aktiboak eta 90 langile baino gehiago traspasatu ziren, krisi garaian higiezinen aktiboetan egin zen salmenta handiena izan baitzen". Murrizketa ahalegina, edonola ere, ez da eten, eta azken urtean higiezinen negozioan zuen presentzia %11 txikitzen jarraitu du Kutxabankek.

Entitateak dioenez, "bere kaudimen trinkoaren, zuzkidurak baloratu eta jartzerakoan duen zuhurtziaren, emankorrak ez diren aktiboen kudeaketaren eta higiezinen salmentaren arteko oreka egokia gorde izanak jarri du Kutxabank krisialdian zehar espainiar finantza sistema osoan aktiboen kalitate onena duten erakundeen artean, eta horrela baieztatu dute bankuak jasan dituen estres test desberdinek".

Horrenbestez, "Europako Banku Zentralak ikuskatzen dituen 14 erakundeen artean Kutxabank bigarrena da aktibo osoarekiko maileguen-zorroak duen pisuari dagokionez, eta lehena etxebizitzak erosteko norbanakoei emaniko maileguei dagokoenez, bai aktibo osoarekiko nola mailegu guztiekiko, eta mailegu-inbertsio osoan berme maila garaia du".

Estrategia horrek eragin oso positiboa izan du halaber beste aldagai garrantzitsu batzuetan, hala nola berankortasun mailaren murrizketan. 2017ko lehen seihilekoa amaitzean, "Kutxabankek %5,66ko berankortasun maila zuen, 2012an sortu zenean baino oinarriko 200 puntu gutxiago, eta 2014ko martxoan goia jo zuen unean zeukanaren ia erdia". Azaldu dutenez, "berankortasun tasa etengabe jeisteko erabakiorra izan da aktibo gatazkatsuak berehala onartzea eta egoki estaltzea, bai eta aktibo ez-emankorren kudeaketa eraginkorra egitea ere".

Kutxabankek nabarmendu duenez, "murrizketa hau Sareb, bankaren berregituraketako aktiboak kudeatzeko sozietateari aktiboak traspasatu gabe lortu du, laguntza publikorik jaso gabe eta espainiar finantza-sistema berritzeko laguntzak eman ondoren, Gordailuen Bermerako Fondoari eta Sareben kapitalari egin dizkion ekarpenen bitartez".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos