Euskal enpresa eta profesionalei zuzendutako leiho berritua

EnpresareanTBko saio bat, abendukoa, Egamaster enpresako Aner eta Iñaki Garmendia anaiekin. /
EnpresareanTBko saio bat, abendukoa, Egamaster enpresako Aner eta Iñaki Garmendia anaiekin.

Bai Euskarari Elkarteak "euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana" sustatzeko duen Enpresarean proiektuaren ardatz nagusietakoa da

Bai Euskarari Elkarteak Enpresarean.eus, euskal profesionalei eta enpresei zuzenduriko webgune berritua aurkeztu du, "haien artean baliabideak, esperientziak edo jakintzak partekatzeko, elkarlana errazteko edo negozio-ideiak sustatzeko helburuarekin". Hain zuzen ere, 2012 urteaz geroztik Enpresarean proiektuaren bidez euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana sustatu nahi dira. Hiru ardatz nagusi ditu proiektuak: bi urtean behin antolatzen den Enpresarean azoka, Enpresarean Foroa eta Enpresarean.eus webgunea dira egitasmoaren ardatz

Webgunea, Bai Euskarari Elkarteak ohar baten bidez adierazi duenez, "proiektuaren zutabe moduan aurkezten da, eduki interesgarria modu irekian partekatzeko erakusleiho gisa". Horretarako eskaintzen zaizkien aukera nagusiak dira agenda profesionala, formaziorako aukerak, enpresa munduko berriz osatutako, eskaintza bereziak eta Enpresarean TB, ekimenari atxikitako telebista.

Webgune berrituan Bai Euskarari Elkarteak martxan jarritako telebista berezia da, hain zuzen, berrikuntza nabariena. Ikus-entzunezko biltegi bat izango du, eta bertan Enpresarean proiektuaren markoan garaturiko ekitaldi guztiak (enpresa azoka, foro, hitzaldi, ikastaro...) egongo dira ikusgai. Gainera, , datozen ekitaldien berri emango du, agendan jaso eta zuzenean izena emateko aukera izateko.

Ekitaldien formatuari dagokionez, "pauso bat aurrera eman eta, ekitaldi presentzialak ez ezik, ikastaro, hitzaldi eta foro digitalak ere eskainiko dira, Enpresa ezberdinen etxeetatik, mundu osora. Nahi duenak zuzen-zuzenean ikusi ahal izango du eta, bestela, ondoren ere, saioa Enpresarean TB ataletik zabalduko da. Helburua da euskal profesionalek eta enpresek, euskarazko eduki profesionalak nahieran izatea, nahi dutenean, nahi duten lekutik, nahi duten unean".

Lehen zuzenekoa, martxoaren 2an

Ekitaldi guztiak, digitalak edo-eta presentzialak, profesionalei egokituriko agenda batean jasoko dira. Hori horrela izanik, erabiltzaileek hilero ekitaldi interesgarriak egutegian gorde eta enpresa sareko harremanak areagotzeko aukera izango dute. Aipagarria da, era berean, agenda horretan ez direla soilik Enpresarean proiektuko ekimenak zabalduko; sareko profesionalek agenda horretan euren proposamenak argitaratu eta partekatu ahal izango dituzte. Helburua da, "euskaratik eta elkarlanetik agenda profesional bat sortzea, euskal enpresen eta profesionalen arteko sarea ehundu eta hartu-emana sustatzeko".

Webgune berriak blog-a mantenduko du, non sareko parte-hartzaile guztiek eduki interesgarriak modu irekian partekatzeko aukera izango duten. Bertan jasoko dira hainbat gairen inguruko albisteak, esate baterako: euskara eta enpresa, enpresarean azoka, enpresarean foroa, ekonomia, hitzaldi bereziak, ikastaroak, etab.

Profesionalen komunitatean sartzea oso erraza da. Webgunearen bidez egin behar da izen-ematea, profesional edo-eta enpresa bezala. Hori egindakoan, erabiltzaileak sareko profesionalekin harremanetan jartzeko aukera izango du, bai eta ideiak, iruzkinak, iritziak, eskakizunak... partekatzeko ere. Gainera, aurretik esan bezala, ekitaldi bereziak agenda profesionalean sartzeko eta blogean berri interesgarriak argitaratzeko aukera izango du, bai eta webgunearen bitartez saio formatiboak edo hitzaldiak eskaintzeko aukera ere.

Enpresarean.eus-ek dagoeneko iragarri du bere lehenengo zuzenekoa. Arteman Komunikazioa kooperatibako zuzendaria den Gorka Etxabek marka eta talentuaren erakartzearen inguruko hitzaldia eskainiko du martxoaren 2an, zuzen-zuzenean, enpresaresarean.eus webgunean bertan. Ez dago aurretik izena eman beharrik, interesa duenak egunean bertan webgunean sartuta ikusi ahal izango du saioa.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos