«Ekonomiaren garapenak eta garapen jasangarriak batera joan behar dute»

Zenbait enpresak euren produktu eta esperientziak aurkeztu dituzte jardunaldian./IREKIA
Zenbait enpresak euren produktu eta esperientziak aurkeztu dituzte jardunaldian. / IREKIA

Baso bioekonomian oinarritutako negozio modeloetara egokitzen jakin duten enpresen esperientziak aztergai 'Bioekonomia Euskadin: erronkak eta aukerak' jardunaldian

'Bioekonomia Euskadin: erronkak eta aukerak' izenburupean, basoak eskaintzen dituen baliabideetan oinarritutako jarduera ekonomikoak aztertzen ari dira asteazken honetan hainbat profesional eta aditu Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian egiten ari den jardunaldian. Saio horretan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak “baliabide biologiko berriztagarrien ekoizpena eta horiek balio erantsiko produktu nola bihurtzen diren aurkeztuko du, datozen urteetan Euskadin lortzeko helburu moduan". Saioan zehar, hain zuzen, herrialde ezberdinetako adibideak eta "baso bioekonomian oinarritutako negozio modeloetara egokitzen jakin duten enpresen esperientziak aztertzen eta aurkezten ari dira.

Arantxa Tapia sailburuak alor horren garrantzia nabarmendu du, adieraziz "ekonomiaren garapenak eta garapen jasangarriak batera joan behar" dutela. Gogoratu du, halaber, Euskadik Europako hegoaldean erreferente bilakatu nahi du Baso Bioekonomiaren alorrean. Jardunaldien aurkezpenean Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek azaldu zuenez, "Euskadik ezin dio bioekonomiaren trenari pasatzen utzi. Gure baso eredua berrorientatu behar dugu, Europako beste eskualde batzuetan dagoeneko egin duten bezala, eta paradigma berri baterantz aurrera egin, jatorri biologikoko energia eta lehengaietan oinarrituta, ekonomia eta ekologia berradiskidetzen, baliabide naturalak modu jasangarrian kudeatzen".

Erregai fosilen eta baliabide ez berriztagarrien mende dagoen eredu ekonomikoak eta ingurumen arazo larriek (klima aldaketak, hondakinen krisiak, biodibertsitatearen galerak...) planteatzen dituzten erronken aurrean, "baso bioekonomiak ekonomia ulertzeko planteatzen duen modu berria aukera gisa agertzen da erantzun jasangarria eta errentagarria emateko". Finlandian edo Alemanian, esaterako, egiten ari dira bioekonomiaranzko trantsizioa. Europan, dagoeneko, 18,6 milioi lagun enplegatzen ditu, eta BPGaren %13 da. EAEri dagokionez, sektoreak Euskadiko BPGren %1,53a suposatzen du eta ia 20.000 pertsonari ematen die lana.

Topaketan Alemaniako basogintzaren, automobilgintzaren eta sektore kimikoaren arteko sinergiak ezagutuko dira, Alemaniako Bioekonomia Klusterreko Matthias Zscheileren eskutik, eta bioekonomiak dakartzan inplikazio sozialak ere landuko dira, Lukeko (Finlandia) Biogizarteari buruzko Ikerketa Programaren zuzendari Pasi Rikkonenen eskutik.

Jardunaldiaren zati praktikoa enpresen esperientziekin egingo den mahai inguru bat izango da, beraien jarduera bioekonomiari lotuta daudenez gero, eta askotariko gaiak landuko dira, hala nola oinarri biologikoko plataforma molekularrak (Succinity Gmb, Alemania), bioplastiko funtzional eta jasangarriak (Synvina, Holanda), bioehun jasangarriak  (Lenzing, Austria) edo eraikuntza jasangarriak (Ekinn/Ekoinnovating, Espainia). Halaber, mahaian parte hartuko du baita ere Joensuu Science Parkek (Finlandia), eta azalduko du start-upei nola lagundu bioekonomiarantz jo dezaten.

Jardunaldia NEIKER-Tecnaliak eta European Forest Institutek antolatu dute, laguntzaileak izan direlarik BaskEgur-Euskadiko Egurraren Elkartea, Hazi eta Europa Hegoaldeko Silbikultoreen Batasuna (USSE), eta politika, enpresa, ikerketa, kluster, egurraren elkarte eta unibertsitateen ordezkariek parte hartu dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos