Ekonomia feministari buruzko alea kaletaru du 'Ekonomiaz'-ek

Ekonomia Feminista ez da gaur goizekoa. Argazkian, Beatrice Webb (1858-1943), eragin gehien izan duen egile klasikoetako bat.

M. IMAZ

Eusko Jaurlaritzak 1985az geroztik urtean bitan argitaratzen duen 'Ekonomiaz' aldizkariak Ekonomia Feministari eskaini dio 91. alea. Aurkezpenean diotenez, "pentsamendu ekonomiko heterodoxoaren korronte modura" uler daiteke Ekonomia Feminista. "Korronte horretan teoria eta errealitate ekonomiko eta sozialei buruzko irakurketa kritiko bat planteatzen da, emakumeei eta gizonei esleitutako rolen azterketatik abiatuta".

Ale berezi hori Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailak, Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak eta Ekonomisten Euskal Elkargoak Bilbon aurkeztu dute ostegun honetan 11 artikulu bilzen dituen ale berezia. Aurkezpenean izan dira Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuorde Alberto Alberdi, Emakunderen zuzendari Izaskun Landaida, Ekonomisten Euskal Elkargoko presidente Iñaki Ruiz eta aldizkariaren ale berriaren koordinatzaile Mertxe Larrañaga, besteak beste.

Monografikoa bi zatitan egituratu da. Lehen zatian kontzeptuzko izaera duten hainbat ekarpen aurkeztu dira, ekonomia feministaren oinarri modura. Bigarren zatian, aldiz, ekonomia feministan nabarmentzen diren ardatz eta gaien inguruko ekarpenak jaso dira, ikuspegi aplikatuago batetik.

Alea koordinatu duten Yolanda Jubeto, Mertxe Larrañaga eta Arantxa Rodríguezek sinatutako aurkezpenean azpimarratzen denez, "Ekonomia Feministaren (EF) ibilbide historikoa luzea da, eta pentsamenduekonomiko gailenaren ia paraleloan egiten du aurrera. Eragin gehien izan duten egile klasikoen artean Harriet Taylor (1807-1858), Beatrice Webb (1858-1943) eta Rosa Luxemburg (1871-1919) nabarmentzen dira, besteak beste. Haatik, XX. mendeko 70eko hamarkadatik aurrera areagotzen da haren presentzia, 1992. urtean Ekonomia Feministaren Nazioarteko Elkartea eratu zenean, eta ondoren, 1995ean, 'Feminist Economics' aldizkaria argitaratzean. Aldizkari hori erreferente da ekonomialari feministentzat".

Hala ere, "ekonomia feministak eragin mugatua du irakaskuntzan eta ikerkuntzan", nahiz eta "azken urteotan gero eta gehiago garatu da, batez ere, gure inguruneko unibertsitateetako graduondoko irakaskuntzan". 'Ekonomiaz' aldizkariaren ale berezi hau beste ekarpen bat izan daiteke alde askotatik lantzen baita gaia.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos