EAEko Lanbide Heziketa ereduaren nazioarteko aurkezpena

Jorge Arevalo sailburuordea izan da hizlarietako bat.

Jorge Arevalo sailburuordeak Lanaren Nazioarteko Erakundearen batzorde teknikoa Costa Rican egiten ari den biltzarrean hartu du parte

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalo Costa Ricako San Jose hiriburuan da egunotan, Lanaren Nazioarteko Erakundearen (OIT, gaztelaniaz eta fransesez) Batzorde Teknikoaren 43. Biltzarrean parte hartzen. Euskadi abuztuaren 9tik 11ra bitartean burutzen ari den bilkurara gonbidatua izan da, Lanbide Heziketako bere eredua aurkez dezan. 'Lanaren etorkizuna eta Lanbide Heziketaren erronkak' leloarekin, beste zenbait agintariren artean, Costa Ricako presidenteorde Ana Helena Chacon Echeverria eta Latinoamerika eta Kariberako LANEren zuzendari nagusi Jose Manuel Salazar-Xirinachs ari dira biltzarrean parte hartzen.

Jorge Arevalo sailburuordea irekiera ekitaldian izan da hizlari, eta Euskadiko Lanbide Heziketaren ezaugarri nagusiak azaldu ditu. Sailburuordeak, Euskadin Lanbide Heziketako ikastetxeek inguruko enpresekin duten harreman estua azaldu die bertaratutakoei. Horrela bada, gogorarazi du Euskadin Lanbide Heziketak, jarraibide estrategikotzat, Enpresa Txiki eta Ertainei zuzendutako berrikuntza bultzatzen duela. Enpresa horien berrikuntzan laguntzeko asmoarekin, euskal Lanbide Heziketak haientzat eskuragarri jartzen ditu ikastetxeetan dagoeneko badauden ezagupenak eta gaitasunak, zerbitzugintzaren bidez, baina baita prototipo, material edo produktu berriak alderatuz ere.

Arevalok bere agerraldian azaldutako Euskadiko LH-ren beste jarraibide estrategikoetako bat espezializazio-programek osatzen dute. Programa hauek, gure enpresen enpleagagarritasun eta lehiakortasun beharrei erantzun azkar eta errealak emateko helburuz ari dira ezartzen. LANEren Latinoamerika eta Karibeko herrialdeek interes berezia erakutsi dute Euskadik azken urteotan agertutako egokitzapen eta erreakzio gaitasunaren inguruan. Beharrizan berriei aurrea hartzea, enpresen eskaria hasi baino lehen heziketa guneak aurreikustea, ezin besteko elementutzat jo dituzte, eta garrantzi handia eman.

Euskal Lanbide Heziketaren alderdirik esanguratsuenak zehazterakoan, beste zenbait konturen artean, sailburuordeak hizpide izan du institutuetan ekintzaile kultura sustatzeko egiten den lana ere –horrela ikastetxeetan bertan enpresak sortzea erraztuz-, edo ikasgeletan irakaskuntzarako metodologia berriak ezartzeak duen garrantzia. Izan ere, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeak eraldatze metodologiko sakonean daude murgilduta, Etekin Handiko Zikloak deritzenen bidez. Eredu berritzaile horren elementu nagusia lankidetzazko ikaskuntza da, erronketan oinarritutakoa. Aldaketa metodologikoak espazio fisikoen antolaera berria ere eskatzen du, eta helburu du ikasgelan testuinguru berriak sartzea, ikaskuntza-prozesuan ikasleen lanbide-konpetentziak hobeto garatzeko bidea emango dutenak: konpetentziak teknikoak nahiz zeharkakoak.

Lanbide-konpetentziekin eta ikaskuntza-metodologia berrien gaiarekin lotura estua duen mahai inguruan ere parte hartuko du Arevalok gaur, abuztuak 10, bilkuraren egitarauaren baitan. “Konpetentzia eta enplegu berriak XXI. mendean. Zein erronka ditu Lanbide Heziketak?” goiburuarekin, egun enplegurako sortzen ari diren konpetentzia berrien inguruko esperientziak eta ikuspuntuak partekatuko dituzte solasaldiko parte hartzaileek, edo enpresek eskatzen dituzten profil profesional berrien prestakuntzaz arituko.

OIT/Cinterfor-en Batzorde Teknikoaren Biltzarra Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan Lanbide Heziketaz egiten den ekitaldirik garrantzitsuenetakoa da. Formazio eta giza baliabideen alorrean espezializaturiko erakundeetako ordezkariak biltzen ditu, eta Europako zenbait herrialdetako ordezkaritzarekin batera, formazioaren inguruko gaiak aztertu eta eztabaidatzen dira, hiru egunez, betiere esperientziak partekatuz eta elkarlanerako jarduera berriak proposatuz.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos